argia.eus
INPRIMATU
Diru publikotik 3,5 milioi euro Eurokopa Bilbon jokatu dadin
  • Eurokopako hainbat partida Bilbon jokatzea 5,5 milioi euro kostatuko da. Horietatik 2 milioi euro Bilboko Udalak ordainduko ditu, eta Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren artean 1,5 milioi euro jarriko dituzte. UEFAk ordainduko ditu beste 2 milioi euroak, Espainiako Futbol Federazioaren bidez.

ARGIA @argia 2020ko ekainaren 16a

Espainiako Futbol Federazioak 4,2 milioi euro jasoko ditu, San Mames izateagatik Espainiako selekzioaren egoitza, torneoan zehar. Bilboko Udalaren asmoak aurrera ateratzen badira, lehen faseko Espainiako selekzioaren hiru partidak San Mamesen jokatuko dira, eta final zortzirenetako partida bat ere bai.

COVID eta kopa

UEFAk aste honetan esango du zeintzuk izango diren 2020ko Eurokopako egoitzak, zeina hurrengo urtean jokatuko den, koronabirusa dela-eta. UEFAko presidente Aleksander Ceferínek adierazi du pandemiaren ondorioz hainbat kokapen berraztertzen ari direla. Baina Bilboko Udaleko PSEko Alfonso Gilek berretsi du ziur dagoela Bilbon jokatuko dela eta "hiriarentzako urrezko aukera" dela. EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek eskatu dute diru publikoa jendearen behar ekonomiko larriei erantzutera bideratu behar dela eta EH Bilduk salatu du Espainiako sinboloa den futbol selekzioari "alfonbra gorria" jarri nahi diola Udalak.