argia.eus
INPRIMATU
Urchuegia alkate ohia auzitara Lasarteko Udalak, diru publikoa bidegabe erabili duelakoan
  • Lasarte-Oriako Udalak salaketa jarriko du hurrengo egunetan Ana Urchueguia PSEko alkate ohiaren aurka. "Somoto auzian" diru publikoa bidegabeki erabiltzea egotziko dio Udalak.

Malen Aldalur Azpillaga @malenaldalur 2014ko abenduaren 10
Ana Urchueguia, Lasarte-Oriako PSE-EEko alkate ohia (argazkia: www.noticiasdegipuzkoa.com).

Zubizarreta Consulting kanpo kontu-ikuskaritza enpresa batek azaleratutako informazioan oinarrituta jarri dute salaketa Noticias de Gipuzkoa egunkariak aurreratu duenez.

Dokumentu horren arabera, 2000 eta 2010 urteen artean egindako kudeaketan irregulartasunak azaldu dira.

Pablo Barrio Lasarte-Oriako alkateak (EH Bildu) esan du Udaleko gobernu taldeak Urchuegia auzitara eramango duela, nahiz eta, ez duen zehaztasun gehiago eman.

Javier Zaballos zinegotzi sozialista erabakiaren kontra agertu da eta foru eta udal hauteskundeei begira hartutako erabakia dela salatu du.

“Kontrolik gabeko” diru laguntzak

Zubizarreta Consulting kanpo kontu-ikuskaritzak argitaratutako informazioetan esaten denez, Nicaraguako Somoto herriarekin elkarlanean aritzeko bideratutako diru laguntzek ez dute “laguntzen kontrolik justifikatu 2009. urtera arte”.

2000 eta 2010. urte bitartean bi milioi euro inguru bideratu ziren Somotorekin elkarlanera, hiru erakunderen bitartez: Somoto Fundazioa, Komunitatearen Garapenerako Elkartea eta Somotoko alkatea bera.

Datuetan oinarrituta Lasarte-Oriako udal gobernuak salaketa jarriko du alkate ohiaren aurka, EAJren eta Lasarte-Oriako Herri Plataformaren babesarekin.