Hekimen Euskal Hedabideen elkarteak ezohiko batzar nagusia egin du ostiralean Andoaingo Martin Ugalde kultur parkean. Eusko Jaurlaritzaren diru-laguntzetan bestelako politikak behar direla nabarmendu dute sektoreko kideek.
Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako Sailburuordetzak (HPS) hedabideentzako diru-laguntzak banatzeko irizpideak aldatu ditu aurten eta Hekimenek adierazi duenez, erabaki hori sektorearekin adostu gabe hartu du.
Irismena helburu, ez abiapuntu
Besteak beste, hedabideen irismenari garrantzi handiagoa eman dio Jaurlaritzak, baina Hekimenen ustez “helburua izan behar du” irismena neurtzeak, “ez abiapuntu bakarra”.
Diru-laguntza politika eraginkorra izan dadin, sektoreko medioak ordezkatzen dituen erakundeak adierazi du “laguntza minimo bat behar duela” hedabideen sareak.
“Egun ez da bermatzen gutxieneko hori, eta handitu ezean irismena neurtzeko formula dena delakoa izanda ere, ez da nahikoa izango eta horrek sektorea ahuldu egiten du”.
Laguntzen beherakadari buelta emateko premia
Hausnarketa estrategikoa egiteko premia azpimarratu du Hekimenek. “Diru laguntza politika aldatu behar da eta azken urteotan hedabideentzako aurrekontuek izan duten beherakadari buelta eman, enpresek produktua duintasunez kaleratzen jarrai dezaten”.
Irizpideen inguruan gogoeta egiteko prest dago sektorea eta Jaurlaritzak ere horretarako borondatea erakutsi duenez, gogoeta elkarrekin egiteko gonbita luzatu du Hekimenek: “Orain, urratsak egiteko unea da”.
Elkarlanerako lau lan talde berri
Diru-laguntzen gaiaz gain, Hekimenek lau lan talde jarriko ditu martxan batzar nagusiaren ondoren. Publizitatea, sinergiak, Interneteko estrategia eta berrikuntza landuko dituzte lan talde espezifiko horiek, elkarlanean euskal hedabideek aurrean dituzten erronkak identifikatzeko asmoz.
Gainera, euskal hedabideen audientziak neurtzeko proposamena eztabaidatu eta onartu du batzar nagusiak: horrela, sektoreko medioek sarean duten kontsumitzaile kopuruari buruzko informazio eguneratua izango dute.
Mozioa EAEko Legebiltzarrean
EAJk, EH Bilduk eta PSE-EEk euskal hedabideei buruzko mozioa onartu zuten ostegunean Eusko Legebiltzarrean.
Onartutako testuak Eusko Jaurlaritzari eskatzen dio azter ditzala euskal hedabideekin batera zein neurri hartu behar diren, “dotazio ekonomikoa barne”, hedabideen jarraipena bermatzeko.