2014an 70 urte beteko dituzte Nazioarteko Diru Funtsak (NDF) eta Munduko Bankuak (MB). Zientzia politikoetan doktore Eric Toussant-ek bi erakundeen historia laburbildu du 30 puntutan, eta nazioarteko arkitektura berri baterako alternatibak eskaini ditu, Viento Sur agerkariak plazaratutako artikuluan.
Hain justu, Diru Funtsak eta Munduko Bankuak bilera egingo dute hilaren 8tik 15era Washingtonen, AEBetan. Hainbat kolektibok mobilizazioak deitu dituzte egun horietarako, legez kontrako zorpetzearen eta nazioarteko finantza erakundeen aurka.
Hona, laburtuta, Toussaintek aipatu dituen 30 puntuetako batzuk:
1. Sorreratik (1944tik) AEBen aliatu izan diren diktadura eta erregimen ustel guztiak aktiboki babestu dituzte NDFk eta MBk.
2. Estatuen subiranotasuna zapaltzen dute; herriek haien kabuz baliatzeko duten eskubidea urratu egiten dute.
4. Ruandan, Habyarimanaren diktadurari lagundu zioten, babes finantzieroa medio; diktadoreak bere ejertzitoa bost bider handiagoa bihurtu ahal izan zuen.
6. Indonesian, Suharto babestu zuten (1965etik 1998ra); Filipinan, Marcos (1972tik 1986ra); Tunezen Ben Ali eta Egipton Mubarak, 2011ra arte.
7. Ekimen demokratikoak aktiboki saboteatu dituzte 50eko hamarkadaz geroztik: Guatemalan, Iranen, Brasilen, Nikaraguan, Txilen eta abar.
8. Haiek finantzatzaturiko tiranoen biktima diren herriei eskatzen diete erregimen autoritario eta ustel horiek egindako zorrak itzultzeko.
11. Ingurumenari dagokionez, herrientzat eta naturarentzat ikaragarri kaltegarriak diren politika produktibistak garatzen ditu Munduko Bankuak.
15. Krisia lehertu zenetik (1982tik), NDFk eta MBk hartzekodunak lagundu zituzten sistematikoki, eta zordunak ahuldu.
19. 1990eko hamarkadan pribatizazioak masiboki gertatu ziren Errusian, ondasun komunaren kalterako; oligarka batzuk izugarri aberastu ziren.
25. Krisiak Europar Batasuna kolpatzen duenetik, NDF lehen lerroan dago Grazia, Portugal, Irlanda edota Zipre bezalako herrialdeei politika batzuk inposatzerako orduan; politika horiek inposatu zitzaizkien 90. eko hamarkadan garapen bidean zeuden herrialdeei, erdialdeko eta ekialdeko Europakoei.
28. Nazioarteko oligarkia baten eskuetan dauden tresna despotikoak dira NDF eta MB. Gizateria eta natura suntsitzen duen sistema kapitalista indartzen dute.
29. Haiekiko zorrak bertan behera utzi behar dira, eta instituzio horiek justiziaren aurrera eraman.
30. Nazioarteko arkitektura demokratiko berria eraiki beharra dago.
Nazioarteko arkitektura berria
Aktitektura berriak aberastasunaren banaketa orekatuagoa ahalbidetu, naturarekin errespetuz jokatu eta herrien garapen justuagoa bultzatuko luke.
Munduko Bankua beste erakunde batek ordezkatu beharko luke. Oso erregionalizatua egon beharko litzateke (Hegoaldeko zenbait banku elkarren artean lotuta egon litezke), eta haren funtzioetako bat izango litzateke interes baxuko edo interesik gabeko maileguak ematea.
NDF berriak moneten egonkortasuna bermatu eta espekulazioaren aurka borroka egin beharko luke, besteren artean. Oinarrian NBE egon liteke, baldin eta haren Batzar Nagusiak erabaki ahalmenik izango balu.