Balear Uharteetako PPko politikari eta Jaume Matas presidente ohiaren gertuko Javier Rodrigo de Santosek berretsi du PPren Bilboko egoitza ere diru beltzarekin ordaindu dela. Ustelkeria kasuengatik zigortua izan zen De Santos.
Uztailean deklaratu zuen De Santosek Pedro Horrach fiskalaren aurrean. Fiskalari esan zionaren arabera, Antonio Pinal enpresariak onartu zion PPren Palmako egoitza ordaindu zuela esleipen urbanistikoen truke. Deiak argitaratu duenez, Antonio Pinal Bruesa taldeko presidente eta akziodun nagusia da.
Bruesa Construcciones S.A.-ko administrazio kontseiluko kide den Emilio Alvarez Lopez ere agertzen da Ruz epailearen autoen artean. Epailearen autoan azaltzen denez, 36.000 euroko ordainketak egin zizkion Alvarez Lopezek Barcenasi eta hauek PPren Bilboko egoitza finantzatzera bideratu ziren.
Javier Rodrigo de Santosek deklaratu zuenez, Antonio Pinal Bruesako presidenteak behin baino gehiagotan adierazi zion “Euskal Herrian lan egiteko ohituragatik, PP eta PSOE finantzatzen” zituela. Pinalek PP finantzatzen zuela berresten dute Ruz epailearen autoak eta Espainiako Poliziaren Delinkuentzia Ekonomikoaren eta Fiskalaren Unitateak (UDEF), Bruesa taldeko presidenteak 2006an 24.000 euro Barcenasi ordaindu zizkiola jasoz.
Ruz epaileak Bruesako zuzendaritzako kide zen Emilio Alvarez Lopezi ere egozten dio Barcenasi dirua ordaindu izana. Alvarezek 2005 eta 2007 urteen artean PPko diruzain ohiari 84.000 euro zazpi zatitan eman zizkiola jaso du epaileak.