argia.eus
INPRIMATU
Guatemalako presidente kargua hartu du indigenen babesa duen Bernardo Arevalok
  • Inbestidura ekitaldia hamabi orduz atzeratu da, Kongresuak ohiko lege-prozedura batzuk atzeratu dituelako eta Bernardo Arevalo agintera ez iristeko azken momentuko saiakera batzuk egon direlako. Arevalok “autoritarismoaren” aurkako mezua helarazi du.

Izaro Villarreal Lauroba 2024ko urtarrilaren 16a
Arevaloren aldeko aldarriak entzun dira kaleetan zehar, eta liskarrak egon dira manifestarien eta Poliziaren artean

Ziurgabetasuna eta tentsioa areagotu dira Guatemalako presidente hautatu berriaren inbestiduraren aurreko orduetan. Hamabi orduko atzerapenarekin Bernardo Arevalo de Leonek, astelehen honetan, Guatemalako presidente kargua hartu du, “estatu kolpea” jotzeko saiakera salaketen artean. Kongresuko diputatuek egin beharreko karguaren zina bost ordutik hamabira luzatu da, liskarrak tarteko, eta Fiskaltza eta Legegintzaldiko bestelako epaile eta parlamentari batzuk kargua hartzea eragozten saiatu dira, kosta ala kosta.

Guatemala hiriko Miguel Angel Asturias kulturgunean eginiko ekitaldian Arevalok “autoritarismorik sekula gehiago ez” aldarria plazaratu du, trantsizio pozesu ekaiztsu baten ostean: “Guatemalako herriak bere jakinduria erakutsi du, eta hauteskunde Auzitegi Gorenak eta Konstituzionaltasun Gorteak babestu egin dute guatemalarrek demokrazian bizitzeko duten gogo subiranoa”. Hala adierazi du presidente hautagai berriak bere lehen hitzaldian.

Inbestidurak eragindako istiluak

Kalean istiluak sortu dira Arevaloren aldeko manifestarien eta Poliziaren artean; izan ere, manifestariek, parlamentura gerturatzeko, Poliziak ezarritako hesiak apurtu dituzte eta Poliziak kolpeka eta negar gasa jaurtiz jarraian erantzun du. Herri indigenak izan dira azken egunotan Arevaloren eta “demokraziaren alde” gehien borrokatu dutenak eta presidenteak eskertu egin die indigenen “demokraziaren aldeko borroka”, Berria-k jaso duenez.

Nazioarteko ordezkaritzek ere salatu dute hainbat diputatu botere aldaketa oztopatzen saiatu direla; Arevalok ezin baitzuen presidente kargua hartu Kongresuko 160 diputatuek beren karguaren zina egin ezean.