argia.eus
INPRIMATU
Dioxinagate: honela kutsatzen du Holandako erraustegirik berrienak
  • 2011n abian jartzeko egunean, Harlingeneko erraustegia ingelesez state of the art esaten dioten mailakoa dela esan zuen harro Holandako Gobernuak, puntako teknologiaren erakusgarria. Hala ere, laster ikerlan independenteek erakutsi zuten Europako legeek onartu baino dioxina, furano eta bestelako kutsagai askoz gehiago isurtzen dituela. Kutsadura eteten ez dutela eta, joan den urrian berriro irten dira protestan inguruko herritarrak, engainatzen dituztela salatzeko.

Pello Zubiria Kamino @pellozubiria 2018ko abenduaren 11
Hans Gillissen-ek sinatutako argazkian, Omrin erraustegia Harlingenen, Holandako Frisian, irakurlearen eskuinetan dagoen itsasoko haizeak tximiniako kea lehorrera daramala. ‘Omrin’ frisieraz ‘Birziklatu’ da, susmagarriagoa den ‘erraustu’ kontzeptua saihestu nahi duen eufemismoa.

Harlingeneko Reststoffen Energie Centrale (REC) da Holandak dauzkan 13 erraustegietan berriena. Ekonomia ministroak 2011n inauguratzean esan zuen Mendebaldeko Europako onena zela, puntako teknologietan puntakoena. Hasieran soilik Frisiako etxeetako zaborrak erre behar omen zituen. Baina gero Holandako bazter guztietatik hasi ziren hara eramaten hondakinak, etxeetakoei gehituz hondakin industrialak,  araztegietako lohiak, eta abar.

Arazoak laster azaldu ziren: 2013an ToxicoWatch erakunde independenteak erraustegi inguruan 2 kilometro arteko radioan diren oilategietako arrautzetan dioxina eta furano kontzentrazio handiak aurkitu zituen. Holandako oilategien %50 baino gehiagotako arrautzetan dioxina mailak mugen azpitik daude, aldiz, Omrin deitzen dioten erraustegi honen inguruetako arrautza guztiek zeukaten legeak onartuak baino askoz dioxina gehiago. Inguruko belarretan ere dioxina asko aurkitu zen.

Dioxinak Harlingeneko erraustegiaren inguruetan, non eta zein kontzentraziotan aurkitu zituzten. (Iturria: ToxicoWatch)

Geroagoko azterketek erakutsi dute belar eta arrautzetan aurkitutako dioxinak erraustegiaren tximiniako gasetan agertzen direnen berdinak direla, alegia, errauste plantatik datozela. Baina nola liteke gobernuak agindutako kontroletan garbi ageri den erraustegi berri-berria benetan kutsatzaile izatea?

Erraustegien kontroletarako erabiltzen diren laginetan datza gakoa. Gehienetan agintariek eskatzen diete urtean bitan testeatzea 6-8 ordutan bildutako laginak, aldez aurretik ezagunak diren baldintzetan. Baina ez da epe luzeko laginik erabiltzen. ToxicoWatchen ikerlanaren ondorioz arrautza dioxinadunen alarma piztu zenean, Frisia eskualdeko gobernuak lehenbiziko aldiz agindu zuen epe luzeko kontrolak egitea, eta laster agertu ziren bi neurketen emaitzen arteko kontraesanak.

Erraustegi modernoenen ohiko kontroletan urte osoko lanaldiaren %0,2an gertatzen dena baizik ez da ageri. Aldiz, urteko 20.139 orduetan epe luzeko laginak aztertu zirenean azaldu zen kutsadura iturri ezkutu bat: erraustegietan sarri gertatzen direla jabeek “gertakizun atipiko” deitzen dituzten istripu edo egoera bereziak eta horietan emititzen direla kontrolatu gabeko dioxina, furano eta bestelako kutsagai asko.

Beheko marra gorriaren azpitik urtean 2tan 6 orduko kontrolak eginez aurki daitekeena; goiko marra gorriaren azpitik 20.139 orduko epe luzeko kontrolak erakusten duena; goiko marra gorriaren gainetik, enpresak egindako etenengatik kontrolatu gabe gelditutako kutsadura kolpeak. (Iturria: ToxicoWatch)

Harlingeneko labea 2015eko abuztutik 2017ko abendua bitartean 12 aldiz itzali zuten eta beste hainbestetan piztu, gutxienez zazpi aldiz gaindituz kutsadura mugak. 2011n abian jarri zutenetik, ofizialki aitortuta 60 aldiz baino gehiagotan jasan ditu itzali eta berriz pizteko episodioak. Aldiz, epe laburreko kontrol ofizialen arabera erraustegiak epe guzti horretan behin bakarrik ere ez zuen kutsatze mugarik gainditu. Kontrol sistema berria, ordea, ez zitzaion komeni enpresari eta 2017an epe luzeko kontrolok eten zituen, inguruko herritarren eta Frisiako agintarien nahiaren kontra.

ToxicoWatchen azterketak erakutsi du herritarrek ezagutzen ez duten beste egia deseroso bat gehiago: erraustegiek badute de facto kontrol barik kutsatzeko baimen ez aitortu bat, operazio oso berezietan labeko keak kanpora filtrorik gabe botatzeko, kutsagaiak harrapatu behar dituzten filtroei by-pass edo puentea eginez.

Artzainak otsoari lagatako zirrikituak  

Ingelesez teknikoan filter bypass mode,  abatement bypass eta dump stacks deitzen dutena programatuta daukate tximiniatik hauts gehiegi pasa behar duenerako. Fase horietan, Frisiako gobernuaren eskariz ezarritako kontrola bera ere –AMESA deitua– eten egiten zuten Harlingenen. Zehazki, kontrolatu nahi zituzten 20.139 orduetatik 1.496 ordutan egon zen AMESA etenda –batean 10 orduz, urrengoan 200 orduz…– eta justu ordu horietan zabaldu zituen erraustegiak bere kutsagai gehienak, filtro barik ari zelako emititzen.

Horrek esplika dezake Harlingeneko bizilagunak kexu izatea beren etxe, auto, bide eta baratzeak errauts beltzez zikinduta agertzen direlako… ofizialki bere filtro modernoekin errauste plantak hautsik emititu ezin duenean. ToxicoWatchek, esaterako, itzali-piztu aldi horietako batean neurtu zituen 73 kg errauts, nahiz eta enpresak soilik aitortu 2 kg.

Harlingeneko tximinia -eskuinean- filtrorik gabe emititzen, filtroei 'by-pass' edo 'puentea' egin dioten une batean. (Iturria: ToxicoWatch)

Ikerlana sinatzen duen Abel Arkenboutek dioenez, labeak zaborrik gabe piztu behar direnean “filtrorik gabe emititzea debekatuta egon arren jokabide estandarra hori da, arrazoi ekonomiko batengatik: filtroak aldatzea operazio garestia da”. Eta hori zigortzea oso zaila da, isuri guztiok gertatzen direlako kontrolik gabe, ia beti gauez, inguruko inork nekez ikusteko moduan.

Errauts zikinak baino dioxina ikusezinak dira, ordea, denen kezka iturri. ToxicoWatchen arabera hotzean gertatutako itzali-piztu aldi batean 5-10 mg dioxina isuri ditzake erraustegi batek, urte osorako erraustegiari baimentzen zaizkion 5 mg-ak adina edo gehiago. Askoz dioxina gehiago ere isuri ditzake, labeko zaborrak oso hezeak edo material bereziki kutsagarriz osatuak egonez gero.

Eta horiez gain, larrialdietako isuri kontrolik gabeak. 2018an behin baino gehiagotan eskatu behar izan diete laguntza su-hiltzaileei Harlingenekoan, suaren kontrola galdurik. “Eta hala eta guztiz ere erraustegiak lortuko luke auzitegietan bere isuriak defenditzea, salbuespenezko egoeretan gertatu direlako: arauak ez daude indarrean egoera normaletan baizik”.

Herritar askok diote erraustegiarekiko pazientzia agortu zaiela: prentsak zabaldutako argazkian, jendea haserre 2018ko ekainean Harlingeneko udal batza eteten, eskuetan Stichting Afvaloven Nee (Errausketarik Ez) elkartearen banderolak hartuta.

Agintarien enkarguz lehenbizi ToxicoWatchek eta ondoren Osasun Publikoaren eta Ingurumenaren Institutu Nazionalak azterketa ez-ohikoekin erakutsi dute Harlingeneko erraustegiak emititzen dituela: PCB dioxinak –inguruko arrautza, esne, belar eta lurretan aurkitu direnak–; PBDD dioxina bromodunak eta furanoak; kiskaltze prozesu txarraren ondorio diren beste kutsagai organiko arriskutsuak; inguruko teilatu, lur eta uretan ageri diren kedar beltzak, PAH hidrokarburo aromatiko arriskutsuak daramatzatenak.

Erraustegien defendatzaileek dogmatzat daukatena dago zalantzan Harlingenen ere. Literatura ofizialaren arabera dioxinen emisioa eteteko zabor masa guztiak erretzerakoan gutxienez bi segunduz egon behar du 850ºC edo gehiagotan labetik pasa ondoko biltegian. Baina egunerokoan hori ez dute lortzen ezta Holandako plantarik berrienean ere: 2017an TÜV Rheinland EG-k egindako kontrol neurketek erakutsi zuten Harlingenekoak ez duela bermatzen baldintza hori.

Wolkswagenen manipulazioek azaleratu zuten bezala Dieselgate-a, Harlingeneko Omrin gerta liteke Dioxinagate baten abiapuntua. Oraingoz, errausketaren industriak kutsagairik arriskutsuenak ingurumenaren eta jendeen gainera isuriz jarraitzen du agintariekin hitzartu dituen kontrol mugatuak asmatuta daudelako iruzurra herritarren begiei ezkutatzeko.

Erraustegiaren aurkako banderolak Harlingeneko etxetako leihoetan eskegirik. (Argazkia: Stichting Afvaloven Nee)