Bost urtez aritu da laginak hartzen Toxicowatch erakundea erraustegiaren inguruko oiloen arrautzetan, goroldioan, zuhaitzetan, sedimenduetan eta ama esnean, besteak beste. 2019tik dioxina maila asko handitu da, baita metal astunak, PFASak eta beste gai oso kutsagarri batzuk ere. Hernanin egin dute ikerketaren lehen aurkezpena ostegunean.
Zubietan eta inguruko herrietan toxikoak asko handitu dira, erraustegia martxan jarri zenetik. Hori ondorioztatu du Herbehereetako Toxicowatch fundazioak, bost urtez laginak hartzen aritu ondoren. Hernaniko Sandiusterri aretoan egin duten euren ikerketaren lehen aurkezpena ostegunean eta erakunde horretako Abel Arbenkout eta Kirsten Bouman izan dira azalpenak ematen, Errausketaren Aurkako Mugimenduak gonbidatuta.
Dioxina kopuruak asko handitu dira 2022 eta 2023an hartutako laginetan, 2019 urtearekin konparatuta –erraustegia 2020an jarri zuten erabat martxan–. Hamabost toki eta baserritako oiloen arrautzak biomonitorizatu dituzte Zubietan, Lasarten, Usurbilen, Andoainen, Hernanin eta Urnietan, eta zenbait kasutan dioxina mota desberdinen gorakada oso handia izan da. Adibidez, Hernaniko baserri bateko kasuan sei bider dioxina kopuru gehiago neurtu dute.
Goroldioan, pinuetan, otean eta gorostietan ere hartu dituzte laginak eta emaitza antzekoak dira, gorakada handia sumatu dute. Goroldioaren kasuan, 2019an 0,13tik 29,38ra igo da dioxina eta furanoen kopurua konparaziorako, "226 aldiz gehiago".
Kutsagarri "eternoak" ere bai
Baina dioxinak bakarrik ez, beste kutsagai kimiko batzuk aurkitu dituzte erraustegia martxan jarri zenetik –ikerketak kontuan eduki ditu trafikoaren edo industria kimikoaren eta paper lantegien eragina–. Adibidez, PAHak eta PFAS edo kutsatzaile "eterno" deiturikoen "gehiegizko balioak" ere atzeman dituzte, degradatzen ez diren konposatu arriskutsuak dira horiek.
Toxicowatchek Zubietako inguruetan aurkitu dituen toxiko kopuruak "oso kezkagarriak" dira, Errausketaren Aurkako Mugimenduak azaldu duenez
Bestalde, "2023an metal astunen gero eta maila handiagoak aurkitu dira uretan eta sedimentuan", azaldu dute Arbenkoutek eta Boumanek. Ama esnean, berriz, 2019tik ezin izan dituzte lagin gehiago hartu eta jakinarazi dute datorren urtean ikertzen jarraituko dutela.
Toxicowatchek Zubietako inguruetan aurkitu dituen toxiko kopuruak "oso kezkagarriak" dira, Errausketaren Aurkako Mugimenduak azaldu duenez.
Beste erraustegiekin konparaketa
Fundazioak Europako beste hainbat erraustegitan ikertzen dihardu, Belgikako Beringenen, Madrilgo Valdemingomezen eta Txekiako Pilzengo erraustegian. Denetan gainditzen da askogatik –bost edo sei aldiz gehiago– Europar Batasunak jarritako 3,3 pg edo pikogramo dioxina kopuruaren muga baliokidea. Baina berriagoa den Zubietako erraustegiaren kasuan, Hernanin 2023an egindako neurketa baten grafikoa deigarria da: 35 pg aurkitu dituzte oiloen arrautzetan, EBren legezko muga baliokidea baina hamar aldiz gehiago.
Zubietako erraustegiaren kasuan, Hernanin 2023an egindako neurketa baten grafikoa deigarria da: 35 pg aurkitu dituzte oiloen arrautzetan, EBren legezko muga baliokidea baina hamar aldiz gehiago
Arbenkoutek eta Boumanek, hitzaldiaren hasieran kutsagai horiek sor ditzaketen kalteak gogorarazi dituzte, hala nola minbizia, diabetesa, gaitz dermatologikoak... Azaldu dute biometagarriak direnez elikadura katean eta ingurumenean pilatzen joaten direla eta haien eragina handituz doala.
Hernanikoa Toxicowatchek egingo duen aurkezpenetan lehena da. Datorren astelehenean Usurbilen ariko dira eta egun horretan bertan Gipuzkoako Batzar Nagusietan ere aurkeztuko dute ikerketa, EH Bilduk eta Elkarrekin Gipuzkoak gonbidatuta.