Harkaitz Millan Gipuzkoako Kultura diputatua Donostiako pub batetik bota zuten igande goizaldean, emakume bat "gogaitu eta iraindu" zuelako. Poliziari deitu zioten, eta atxilotu egin zuten gero, agenteen esanetan ertzain baten aurka egin zuelako. Ondarretako kuartelean igaro zuen gaua, "autoritatearen kontrako atentatua" egotzita. Igandean dimititu egin du, eta barkamena eskatu. Prentsari esan dio "sinesgaitza" iruditzen zaiola emakumea "molestatu" izana, gay-a dela argudiatuz.
Gipuzkoako ahaldun nagusi Markel Olanok onartu egin du Millan PSE-EEko Kultura, Gazteria eta Kirol diputatuaren dimisioa, “gertakari larrien” berri jakin ostean. Maria Jose Telleriak ordezkatuko du, orain arte Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura zuzendari nagusia izandakoak.
Millan Donostiako Salamanca pasealekuko pub batetik bota zuten igande goizaldean, “emakume batekin izandako liskar baten ondorioz”. Hain zuzen, hura “molestatu eta iraindu” zuela azaldu dute hedabideek, baina Millanek Diario Vasco egunkariari esan dio ez duela uste halakorik gertatu zenik. Ez du sinesten gizon homosexualek emakumeak "gogaitu" ahal dituztenik, eta argudio hori baliatu du bere burua babesteko: “Argi esanda, ni gay-a naiz eta ez dut uste emakume bat molestatu nuenik, nahiko sinesgaitza iruditzen zait. Baina, edozein modutan, dena delakoagatik tabernatik atera ninduten eta segurtasunekoak Poliziari deitu zion”, argudiatu du diputatu ohiak.
Poliziak atxilotu egin zuen, “agintarien aurkako atentatua” egotzita, Ertzaintzaren arabera agente baten aurka egin zuelako. Millanek bere gain hartu du gertatutakoa eta barkamena eskatu du, baina azpimarratu du ezin duela “askoz gehiago esan”, ez duelako “ia ezer” oroitzen: "Ez dakit norbaitek edarian zeozer bota zidan edo ez... Ez dakit, zeren ordu batzuetako hutsunea baitut, ez dut gogoratzen".
Olano ahaldun nagusiak argitu du “horrelako gertaerek ez dutela tokirik” diputazioan, esanez Foru Aldundiak urteak daramatzala “foru gobernu eredugarri baten alde”. Millanek jakinarazi du foku publikotik at egongo dela momentuz.