Komisarioak, ikuskatzaileak eta arduradunak dira postuari uko egin dietenak, Polizia Legearekin kritiko. Barne Sailak bestelako soldatak eta lanaldiak proposatu ditu.
"Bideraezina" da Foruzaingoan aldaketak egitea, lanpostuari uko egin dioten 30 lagunen arabera. Beste hiruk ez dute Polizia utzi.
Lanaldiak eta soldata izan dira polemika iturri. Azaroan sartuko da indarrean Polizia Legea, eta orduan, hileko lehen egunean, aldatuko dira soldatak.
796 agenteri soldata igotzea proposatzen du legeak eta murrizketak egitea 266ri. Soldata handitzeak 2 eta 1.559 euro artekoak dira, sailaren eta kategoriaren eraberakoak; jaitsierak, berriz, 66 eta 4.447 euro artekoak.
Batzuentzat gora, besteentzat behera
Barne kontseilari Maria Jose Beaumontek azpimarratu du Polizia Lege berriaren zirriborroan aztertzen ari diren soldata taulak ez direla "deus zehatza". Nolanahi ere, prentsaurrekoan adierazi du "zenbait foruzaini" soldata jaitsiko dietela, "lege mandatua" baita hori.
"Gastu bat dago gobernuak Foruzaingoari ordaintzeko daukan portzentajean, eta hori birbanatu behar da; beraz, ondorioztatu daiteke foru polizien soldatak jaitsiko direla". Kontseilariarenak dira hitzak.
Oraindik ez da irmoa
Orain, Polizia Legea martxan dago eta Nafarroako Kontseilutik pasako da, gobernuak zirriborroaren edukiak aintzat hartu ostean. Aurrerago onartzea da litekeena.
"Gobernuak oso argi dauka Polizia Legea bete behar duela eta denborari eta formari dagokienez eginen du", kontseilariaren hitzetan.
Albiste hau Euskalerria Irratiak argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra