Fernando Izagirre DYAko zuzendari zela jasotako irregulartasunak salatu ditu egungo DYAko zuzendaritzak. Fiskaltzak abiatutako ikerketaren aurrean, dimisioa aurkeztu du Izagirrek.
Dimisioa eman du Fernando Izagirrek, berriki arte Eusko Jaurlaritzako Larrialdi eta Meteorologia zuzendaria eta Galdakaoko EAJren bozeramaile izandakoak. Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak asteartean onartu zuen Izagirreren eskaria, nahiz eta berria ez den jakin asteazkenera arte. Vocento taldeak publiko egindako informazioak eman du argitara dimisioa.
Izagirre DYAko zuzendari izan zen 2016 eta 2021 artean, eta bitarte horretan jazotako irregulartasunen salaketaren ondotik eman du dimisioa. Izan ere, DYAko egungo zuzendaritzak hilabete hasieran salatu zituen epe tarte horretan antzemandako irregulartasunak, eta ondorioz Fiskaltzak ikerketa abiatu du. Izagirreri leporatzen dizkioten delituan artean, ondokoak leudeke: dirua bidegabe erabiltzea, bidegabeko jabetzea, kudeaketa desleiala eta kaudimengabezia zigorgarria.
Galdakaoko EAJko bozeramaile postua eta iazko martxotik betetzen zuen Eusko Jaurlaritzako Larrialdi eta Meteorologia zuzendari postua, biak utzi ditu Izagirrek ikerketaren aurrean.
1986. urtean hasi zen DYAn Izagirre, boluntario modura, eta zuzendari izan aurretik koordinatzaile gisa aritu zen zenbait urtez. Galdakaoko Udalean 2007tik egon da, eta dimisioa eman arte, EAJko zinegotzi eta bozeramaile izan da. Azken udal hauteskundeetan alkategaia izan zen.
Vocentoren informazioaren arabera, Galdakaoko EAJ dimisioa kontu pertsonalei egozten saiatu izan da.