AEBetako NSA Segurtasun Agentziak Dilma Rousseff Brasilgo presidenteari eta bere gobernuko kideen beste 29 telefonotan egindako entzuketen berri eman du Wikileaksek, joan den larunbatean filtratutako dokumentuan.
Rousseff Barack Obama AEBetako presidentearekin bildu eta bost egunera publikatu da Wikileaksen informazioa. Bi herrialdeen arteko elkarrizketak 2013tik etenda zeuden, hain zuzen ere, AEBek Brasilgo Gobernuari egindako entzuketa batzuen ondorioz.
Wikileaksek ez du azaldu entzuketak noiz egin ziren. Hala ere, dokumentuaren arabera, NSAk Brasilgo presidenteaz gain, bere laguntzaileak, idazkaria eta bulego-zuzendaria ere zelatatu dituzte, baita hegazkin presidentzialaren telefonoa ere. Gainera, Brasilgo atzerriko enbaxadetan ere entzuketak izan direla aditzera eman dute, Berlinen, Parisen, Bruselan eta Genevan.
Wikileakseren iritziz, Washingtonek ez zuen soilik Rousseffen berri izan nahi: “Brasilen aurka espioitza ekonomikoan oinarritutako” kanpaina abiaraztea da asmoa. Entzuketetan kontrolatu ziren telefonoen artean Brasilgo ekonomia kudeatzen duten arduradunak daudelako iritsi da ondorio horretara filtrazioengatik ezaguna egin den erakundeko buru Julian Assange.
Joan den hilabetean Wikileaksek argitaratu zuenez, NSAk Frantziako azken hiru presidenteak ere zelatatu ditu.