Abenduaren 1ean Baigorrin jokatu zen 2018ko Taldekako Xilabako lehen edizioan, Aitor Servier, Ellande Alfaro, Xumai Murua eta Pantxika Solorzanok jantzi zuten txapela, Ortzi Idoate, Hodei Renteria, Amets Arzallus, Nahia Sasco eta Xan Berterretxen eskutik.
Giro goxo eta ederra, talde giroa, bizi izan zen larunbat arratsaldean Baigorriko Plaza Xoko gelan. 300ndik gora entzule bildu ziren, gozatzera etorriak. Joana Itzaina aurkezlearen lehen hitzek Aitor Sarasua izan zuten gogoan, eta hari eta haren familiari eskaini zitzaizkien arratsalde hartako bertso eta irriak. Agur bizi eta umoretsuek hasieratik beretik jarri zuten entzulegoa irriz. Laboa zein Taldekako Xilabako beste taldeei omenaldi ttipi bat egiteko baliatu zuten bertsolariek unea.
Bertsolari bakoitzak eman zion bere kolorea saioari. Bertsoaren alderdi teknikoa baino, ideia original, umore eta hunkiduraz gozatu zuen txalo errazeko entzulegoak. Murua eta Arzallusek ederki hasi zuten saioa Belarriprest txapadun jendarmearen kontrolean. Alfaro eta Idoatek berriz, konplizitate eta boz ederrez jardun zuten koplaka astrologiari buruz. Renteria gazteenak freskotasun eta naturaltasunez asmatu zuen irri giroa sortzen Muruarekin batera, Seaskako egutegi saltzailearen paperetik egin zuten puntukako saioan. Bukaera aldera, bakarkako sakon eta ederra kantatu zuen Sascok, bigarren aldiz ezkontzen zen amaren ezkontzako testuinguruan.
Ondotik, Servierrek distira berezia eman zion saioari goitik beherako hiru bertso hunkigarrirekin publikoa emozioak dantzan utziz. Honakoa jarritako gaia: «komunean gakotu da, ez du atera nahi». Bertso hauek kantatu zituen:
Eskolarako bidea
hark ez du egiten errez
usu laguntzen diogu
bera lasaitzeko xedez
irakasleengan ere
sinetsi ohi dugu fedez
gure alaba ttikia
maite dugulako berez
gaur hitz egin nahi genuen,
genuen asmo onenez
hamabi urte beretzat
adinik zailena denez
berak ez gaitu ulertzen
eta guk bera ere ez.
Gure alaba delako
bere klasean irrigai
emaztea eta biok
ere ez gaude hain lasai
lagunak behar zutenak
bihurtzen zaizkio etsai
ezezkoa dio beti
nahiz ta guk hari erran bai
azkenaldian etxean
dena liskar dena ezbai
pentsatu dut atearen
ondoan nindagola zai
ez du kontatu nahi edo
guk ez diogu entzun nahi.
Atean zain ia ordu
bihurtzen da segundua
beretako babes ote
da etxeko ingurua
aditu dugu eskolan
maisu-maistren aburua
ikasgelan zein etxean
eguneroko gudua
komunean utziko dut
hau du toki segurua
negarrez lehertu eta
konpondu dezan mundua
berriz lagun izan arte
bera ta bere burua.
Taldeka egin zuten kartzelako ariketak une berezia sorrarazi zuen, ilunpean zen entzulegoa eta buruko argidun bertsolarien artean. Alfaroren azken agur honekin amaitu zen saioa Baigorrin, plaza bete txalo:
Metxi Etxalarko Etxahun,
Alfaroin ordez artista
Eskukularen agurra,
poetiko politika
Xumaien lagunei txalo,
hau behar da errepika
Txato, Aitor, Biltxokoa
bizirik da ta irrika
Erramuzpe ta Lantziri,
gaintiarrer begi kliska
eta Baigorrin garenez
zaharrer segi, gora IK
Muxu bero bat Kattini,
nola pasa da bisita?
Lorentxari egiozu,
gure xapel bete ttinka.
44 parte hartzaile, 11 talde, 14 saio. Herriz herri, saioz saio, parte hartzaileak bertsolari, gai jartzaile, antolatzaile zein epaile bilakatu dira aurtengo txapelketan. Formatu berriak, esperientzia berriak zein giro berriak sortuz utzi gaitu 2018ko edizioak. Bertsolari, bertso giro eta bertso talde berriek inarrosi dute Iparraldeko bertsolaritza. Motibazioak berriturik bihurtu du Xilabak bakarkakoa taldeko.