argia.eus
INPRIMATU
Diktadurak lapurtu zion biloba berreskuratu du Maiatzaren Plazako Amonen presidenteak
  • Estela de Carlottok bere biloba aurkitu du 36 urtez bila aritu eta gero. DNA froga baten bidez konfirmatu ahal izan dute bere identitatea. Gaztea bere kabuz aurkeztu zen froga genetikoa egitera, susmoak zeuzkalako bere benetako identitateaz.

Judith Perez @judyjudd 2014ko abuztuaren 06a
Estela de Carlottok bere bilobaren aurkikuntzaren berri eman du prentsaurreko batean (Argazkia: Rolando Andrade)

Guido Carlotto Buenos Aires probintziako Giza Eskubideen idazkaria eta gaztearen osabak eman du aurkikuntzaren berri. “Laster berarekin elkartzen saiatuko gara. Ezin dut hitzik esan emozioagatik”.

“Nire 14 bilobak nirekin ditut. Ez nuen hil nahi nire biloba besarkatu gabe, eta azkenean egin ahal izango dut”, adierazi du Estela de Carlottok prentsaurreko batean. Oso pozik dagoela, bilobaren argazkiak ikusi dituela eta “ederra” dela esan du.

Amonen presidenteak diktaduran desagerrarazi zuten alaba bat zeukan, Laura, eta bere semea da agertu den gaztea. Argentinako azken diktaduran (1976-1983) atxilotu zuten haurdun zegoelarik, 1977ko azaroan. Semea 1978ko ekainaren 26an jaio zen, baina berehala kendu zioten amari. Laura bi hilabete geroago hil zuten.

Argentinako azken diktadura militarrean 30.000 pertsona desagertu ziren eta 500 ume inguru bahitu eta familiengandik urrundu zituzten. Maiatzaren Plazako Amonen elkartea desagertutako ume horiek bilatzeko sortu zuten. 114 biloba aurkitu dituzte gaur egun arte.