argia.eus
INPRIMATU
Diktadura gelditu!

Aitor Unanue Albizuri 2022ko urtarrilaren 20a

85 urte dira Bilbo Euskal Herrian faxismoaren (edo falangearen) aurkako ikur bilakatu zela 1937an. Euskal Herrian estatu kolpe faxista borrokatu zuten haien azken fronte antifaxista eratu zen bertan. Estatu kolpe hura gelditu ez izanak gure herria 40 urteko diktadurara kondenatu zuen.

Orduko altxamendua oso begi-bistakoa izan zen, armak agerian zituzten. Gaurkoa pandemiaz estali diguten arren jokoan duguna gauza bera da; gure eskubideak eta askatasuna. Kolpe faxista hura Espainian hasi eta Europa osoan hedatu zena ondoren, Mussolini edo Hitler buru, garaitua izan zen estatuen etorkizuna oso bestelakoa suertatu zen Espainiar estatuaren ondoan. Gaurko kolpea ere batik bat Europa mendebaldean, Ipar Amerikan eta Australian gauzatu du elite korporatiboak.

Aukeran dugu: Diktadura berri batetara makurtu edo libre eta eskubideen jabe izango garen Euskal Herri bat eraiki. Gure esku dago.

Euskal Herrian sortu berri eta indarrez hazten doazen bi mugimenduk, Bizitza plataformak eta Gazte Koordinadora Sozialistak horrela iragarri digute. Bat eginez unearen analisian eta etorkizunaren diagnosian. Une berean altxatzera deitu gaituzte, urtarrilak 22rako eta 29rako deitu dituzten manifestazioetara, larunbatez biak eta Bilbon.

Jaikitzeko deiak dira, eskubideak eta askatasuna ez baitira guregana etortzen, gu jaiki behar gara eskuratzera, sagarrondoko sagarrak bailiran, hartu eta erabiltzera. Erabiltzeari uzten diogun eskubide oro galduko baitugu.

Bilbon elkartzeak dakarren indarra geure egin dezakegu, eguneroko borrokan erabili ahal izateko, COVID ziurtagiriari EZ esateko. Giza eskubideen aurka doazen protokolo, arau eta agindu guztiak desobeditzeko. Neguaren bihotzean, Santa Ageda bezperaz egin ohi dugun gisara, aterik ate lurra astindu eta ingurukoak esnaraziz, Euskal Herriko azken txokoan jazarpen oro desagerrarazi arte. Elite korporatiboren diktadura berri hau pikutara bidaliaz.

Beren burua (gorputzaz gain) diktadura honen ezarpenerako saldu duten horiei gogoratu, goiko elite korporatibo burges horrek ez duela lotsarik, ez ahoan bizarrik, pandemiaren aitzakiarik gabe (zuek ez bezala) agenda genozida honekin lortu asmo den erregimen totalitarioaren berri emateko. Helburuetan bat egite hutsak agerian uzten zaituzte ordea. Kontuan izan gaur babesten zaituztenak bihar baztertu, lapurtu eta bortxatuko zaituztela. Burua salduaz galdua, bihotzetik aldendua, ingurua isildua eta ahoa, begiak eta belarriak estaliak itsuturik zaudeten arren, zatozte frontearen beste aldera, herrira, giza artera, besarkadara. Alemaniar soldaduek 1914ko lehen mundu gerrako gabon haietan egin zuten bezala.

Bilbon Uutarrilak 22an eta 29an ikusiko gara, aiton-amonek borrokatu zuten hura zor baitiegu seme alaba eta billobei.

Haika mutil jeiki hadi, Ipar Irlandan dioten bezala gaitak deika ari baitira.