Ez dira garai onak behin Hego Amerika luzaro odoleztatu zuten militarrentzat. Barkamen legeek geldiarazitako auziak berrabiaraztea lortu dute gobernu aurrerakoiek. Baina hainbat taldetan elkartuta, gizateriaren kontrako krimenekin zerikusia duten militarrak mugitzen hasiak dira, eta lekukoen edota kazetarien aurkako mehatxuak azaleratu dira.
Roger Rodríguez kazetari uruguaiarra aski ezaguna da herrialde hartako azken diktadurako (1973-1985) giza eskubideen bortxaketak argitzeko egin dituen ikerketa lanei esker. Otsailean, Caras y Caretas aldizkarian agertutako bere artikulu bat istilutsua izan da oso eta bere kontrako mehatxuak eragin ditu. Artikuluan, diktadurako krimenei lotuta dauden militar erretiratuek sortutako taldearen berri ematen zuen Rodríguezek: 1971-1974 tarteko promozioetakoak dira, errepresioan parte-hartze zuzena izan zutenak, eta auziperatuak izan daitezke. Komando koordinatzaile batek gidaturiko konfederazioa eratu dute: Libertad y Concordia Foroa. Hego Amerikako eskumako alderdiak batzen dituen UnoAmérica elkarte venezuelarrak eta Argentinako errepresore ohiek babesten dituzte. Hain zuzen, UnoAméricak Montevideon antolatutako bilera batean ezagutu zuten elkar Argentinako Militarren Defentsarako Promozioen Elkarteko (AMDPE) presidente Horacio Guglielmonek eta Foroaren bozeramaile Juan Carlos Araujok. 2010eko abenduan sortu zuten Foroa, oraindik ere jardunean dagoen Miguel Dalmao jenerala –Nibia Sabalsagaray militante komunista hiltzea leporatuta– auziperatua eta espetxeratua izan eta gero. Interneteko beren Facebook profilean lagun dituzte Amerikako eta Italiako hainbat alderdi eta talde faxista, baita Uruguaiko alderdi Gorriko zein Zuriko zenbait diputatu. Gobernuaren eta justiziaren kontrako “guda psikopolitikoari” eman diote hasiera.
Arestian aipatutako Rodríguezen artikulua ez zuten gogoko izan eta, egun gutxira, Héctor Varela militarrak Facebooken argitaratu zituen kazetariaren helbidea eta telefonoa. Auziperatuta dauden militarrak defendatzea eta jardunean dauden militar gazteak, beraiekin bat egiten ez dutenak, erakartzea dira beren helburu nagusiak, antza. Hala ere, ez du ematen matxinatzeko arriskurik dagoenik.
Roger Rodríguezek argitu duenez, “gaur egun, militar erretiratu horiek nazioarteko muturreko eskumaren ordezkariak dira; Ameriketan Sao Pauloko Foroa eta Europan aurrerakoia den edozein alderdi etsai dituen muturreko eskuma da. Latinoamerikan zigorgabetasunaren kulturak bizirik dirau, Guantanamon, Iraken edo Afganistanen gertatutakoen sostengu. Eta egia aurkitu nahi dugunok, giza eskubideak defendatzen ditugunok, beraientzat arriskutsuak izan gaitezke. Ez da, beraz, Uruguairi edota Hegoaldeko Konoko diktadurei dagokien gaia soilik. Giza eskubideen gaia da”. Kazetariak gaineratu digunez, “botere ekonomikoa dela-eta, arriskutsuena dira Forokoek nazioartean dituzten harremanak, adibidez Alejandro Peña Esclusak (egun Venezuelan preso, eraso terroristak prestatzea leporatuta) zuzendutako UnoAméricarekin”.
Prestigio gutxiko ‘milikoak’
Raúl Zibechi kazetariak ere balizko epaiketekin lotura duten militarrengana mugatzen du gatazka: “Uruguaiko milikoak ez dira Europakoak edota Brasilgoak bezala. Prestigio gutxikoak dira eta oso soldata baxuak dituzte. Horrexegatik joaten dira Haitira, ea zerbait ateratzen duten, hemen etorkizunik ez baitute. Ezin dugu ahaztu diktaduraren garaietan lapurtu egiten zutela eta orain ezin dituztela egin lehen egiten zituzten negozioak”. Dena dela, ustelkeria, oraindik ere, nahiko hedatuta dago militarren artean; azken hilabeteotan agerian geratu denez, Itsas armadan batez ere.
Gatazkaren gakoa giza eskubideen arloan kokatzen duen bakarra ez da Roger Rodríguez. Veronika Engler idazleak gertutik ezagutu zituen militarren joera bortitzak: aita, Henry Engler, Nazio Askapenerako Mugimendua-Tupamaros taldearen buruzagietako bat izan zen.
Hamabi urtez egon zen preso. “Gure herriko justiziak akusatuen eskubideak bermatzen ditu; hiritar oro errugabea da kontrakoa frogatu arte, esaten dute militarrek, baina diktaduran, estatu terrorismoaren garaietan, oinarri horri muzin egin ziotela ahaztu dute”, esaten du Veronikak Libertad y Concordia Foroko taldekideen kexei erreparatuz. “Ez dakit, esaterako, Interneten esaten duten guztia egiteko gai diren, baina inguruetara begiratuz bertan behera laga ez duten Iraungitze Legea [Barkamen legea] eta argitu ez diren hainbat eta hainbat gizateriaren kontrako krimen ikusten ditugu; gure herrian zerbait ondo ez dabilela (justizia, hain zuzen ere) argi dago. Irainak agoantatzen ditugu, agoantatzen dugu presondegietan oso baldintza txarretan egondakoak kalumniatzea. Amnistiaz eta justiziaz mintzo dira, espetxean dauden militar apurrak herritar asko baino askoz hobeto bizi dira, eta, jakina, beste preso guztiak baino hobeto”.
Argentinan, 2005ean utzi zituzten bertan behera barkamen legeak eta Menem presidente zela geldiarazitako epaiketak berrabiarazi dituzte. Uruguaiko militarrek eredutzat hartu duten AMDPE ez da errepresiogileak babesten dituen elkarte bakarra. Cecilia Pandok zuzentzen du Argentinako Preso Politikoen Senitartekoen eta Lagunen Elkartea. Uruguain bezala, auziperatutako militarren aldeko kanpainak eta mehatxuak ugariak izan dira. Duela urte bi, Santa Fe hirian egindako epaiketa batean Pandok berak Giza Eskubide Bulegoko zuzendari Eduardo Luis Duhalde mehatxatu zuen. Ezin dugu ahaztu ezta ere 2006ko irailaren 20an, Miguel Etchekolatz genozidak hil arteko espetxe zigorra jaso zuen egun berean, desagertu zela auziko lekuko garrantzitsuenetako bat, Julio Lopez.
“Nire ustez, militar hauek Kondor usakumeak dira; aberria salbatzeko estatu terrorismoa justifikatzen duen ereduan heziak. Argentinan, Venezuelan antolatuta daude, orain Uruguain. Lau katu al dira? –galdetu dio bere buruari Jorge Zabalza tupamaro ohiak– Ezin ditugu gutxietsi, 1972an egin genuen bezala”.
95.000 botogatik gailendu da Fronte Zabala azaroaren 24an eginiko hauteskundeetan. Yamandu Orsi izango da Uruguaiko hurrengo presidentea, Álvaro Delgado eskuineko Alderdi Nazionaleko presidentegaiari aurre hartuta.
Manuela Aldabe artista, kazetari eta irakasle uruguaitarra da eta urteak daramatza bere praktika artistikoarekin heriotza bidegabeak ikertzen. 2016an hasi zen feminizidioaren biktima izan diren emakumeen jantzien inguruan lanean eta, besteak beste, senarrak hil zuen Delmira... [+]
Uruguaiko diktadura zibiko-militarrean (1973-1985) desagertutako 197 lagunak kalera atera zituzten milaka lagunek beste hainbeste argazkitan, 27. Isiltasunaren Martxan. Manifestazioa bereziki jendetsua izan da aurten, pandemiagatik bi urtez egin gabe egon ondoren.
Mikel Zabalzari buruzko Non dago Mikel? filmak Urugaiko Nazioarteko Zine dokumentalaren festibalaren sari nagusia irabazi du, AtlantiDoc Saria hain zuzen ere, dokumentu-film luzerik onenarentzat.
Kaxa hutsak proiektuaren baitan, azken hamarkadetan Uruguain bizi den Josu Lariz euskal iheslariaren esperientzia biltzen duen dokumentala estreinatu zen ostegun honetan Iruñeko Katakrak liburudendan: Oroimina loretan
Hamabost urteko agintaldi ezkertiarraren ostean, martxoaren 1ean eskuinak hartuko du Uruguaiko agintaritza. Presidente berria Luis Alberto Lacalle Pou izango da, herrialdeko presidente ohiaren semea, eta jada 457 neurri iragarri ditu. Neurrion artean, greba eskubidea murriztea,... [+]
Aurreko mendeko ziklo neoliberala atzean utzita, Abya Yalako edo Hego eta Ertamerikako politikaren grabitate zentroa ezkerrean egon da 2000. urtetik. Mugimendu eta protesta herritar eraginkorrak, kontinente mailako aliantza berriak, gobernu ezkertiar edo aurrerakoiak herrialde... [+]
Uruguaiko Paysandú departamentuan egindako ikerketa batean pestizida arrastoak aurkitu dituzte zerutik datorren euriko uretan. Hainbat ikerlarik laborategian aztertu dute ura eta intsektizidak eta fungizidak dituela ondorioztatu dute.
“Zinemak gezurrak esan ditzake, kirolak ez”. Hauxe da Julien Faraut zuzendari frantsesaren L’empire de la perfection (2018) pelikularen ardatza. Ideia Godarden elkarrizketa batetik dator: “Giza gorputzak gezurrik esan gabe jarraitzen duelako ikusten dut... [+]
Apirilaren 26an izango da sari banaketa, Gernikako bonbardaketaren 79.urteurreneko ekitaldien barruan.