argia.eus
INPRIMATU
Diktadura garaiko krimenak epaitzeko aldarrikatu dute milaka uruguaitarrek
  • Bertan behera utzi du Uruguaiko diktadura-garaiko krimenak epaitzea ahalbidetzen zuen erabakia herrialdeko Justizia Auzitegi Gorenak. Milaka pertsonak epaia arbuiatzeko "Isiltasunaren Martxa" baketsua egin dute Montevideoko Askatasunaren Plazan.

Martin Vicioso @martinvicioso 2013ko otsailaren 26a
Milaka pertsona elkartu ziren justizia eske (Argazkia: elobservador.com.uy)

1973an Uruguaiko armadak estatu kolpea jo zuen. Gobernua Senatarien eta Ordezkarien ganberak ixtera behartu eta hamabi urte iraungo zituen diktadurari hasiera eman zion. Garai horretan, ehun preso politiko inguru hil ziren kartzeletan, eta 174 desagertu ziren Bakerako Komisioaren azken txostenaren arabera. Ez da epaiketarik inoiz egin. 1986an, diktadura amaitu eta urte bat beranduago, tarte horretan egindako krimen guztiak indargabetzen zituen “Iraungipen Legea” onartu zuten. 1996tik aurrera, Giza Eskubideen defendatzaileek “Isiltasunaren Martxa”  izeneko manifestazio isila egiten dute urtero biktimak gogorarazteko.

2011n diktadura krimenentzat amnistia zekarren lege hori bertan behera uztea erabaki zuen Uruguaiko Parlamentuak, agintean den ezkerreko Frente Amplio alderdiak eta José Mujica presidenteak bultzatuta. Orain, Justizia Auzitegi Gorenak indargabetze hori bertan behera utzi du, konstituzioaren aurkakoa baita haien ustez.

Auziari kontra egitearren ezohiko “Isiltasunaren Martxa” egin dute milaka lagunek Montevideoko Askatasunaren Plazan Frente Amplio-k bultzatuta. Manifestazioaren antolatzaile baten esanetan, justizia oztopatzen duten trabak baztertu behar dira, eta horretarako Parlamentuari legedia aldatzeko eskatu diote.