2015ean Volkswagen auto ekoizle alemaniarra epaitegietara eraman zuten, diesel motorrak trukatzeagatik, motorren isurketa kontrolak pasa ahal izateko. Bost urte geroago, epaitegiek erabiltzaile bati arrazoia eman diote, eta enpresak kalte ordainak ordaindu beharko dizkio, egindako kilometroak kendu eta autoa fabrikara bueltatzen baditu.
2014ean hasi zuen bere ibilera epaitegietan Alemaniako dieselgate-ak. 31.500 euroko kalte-ordaina eskatzen zien Herbert Gilbert erabiltzaileak, autoagatik ordaindutako guztia, "berariazko kalte morala" argudiatuta. Bost urtean hainbat epaitegitan ibili eta gero, Alemaniako Auzitegi Gorena izan da epaia eman duena, eta 25.600 euroko kalte-ordainak ordaintzera derrigortu du enpresa; egindako kilometro kopurua kendu du kalte-ordainetatik, eta autoa bueltatzera derrigortu du erabiltzailea.
Alemaniako 235.000 bezerorekin akordioak lortu ditu jada enpresak, guztira 750 milioi euro emango dizkie kalte-ordainetan. Hala ere, AEBetan are handiagoak izan dira ordaindu dituen kalte-ordainak; dieselgate-a epaitegietara eraman zuen lehen herrialdean 30.000 milioi euro ordaindu ditu.
60.000 salaketa ditu oraindik Alemanian Volkswagenek, eta horiekin guztiekin akordio bat lortzen ahaleginduko dela adierazi du, epaitegietatik pasatu gabe. Izan ere, enpresak azaldu duen bezala, epaitegietatik pasatuz gero, erabiltzaileek beren autoa bueltatu beharko dute, eta “askok autoa mantendu nahi dute, ondo funtzionatzen duelako”.
Alemaniako Auzitegi Gorenaren epaiak kalte ordainak partzialki ordaintzea badakar ere, erabiltzaileen eskubideen onarpena pauso garrantzitsu bezala definitu dute.