argia.eus
INPRIMATU
“Dieselgate” kasuagatik dimititu zuen Volkswageneko presidenteak egunean 3.100 euroko pentsioa jasoko du
  • Volkswageneko presidente ohi Martin Winterkornek urtean 1,2 milioi euroko pentsioa jasoko du. Winterkornek duela urtebete dimititu behar izan zuen konpainiako diesel autoen isurketen eskandaluagatik, “dieselgate” gisa ezaguna.

Iosu Alberdi Atxurra @atxurraa 2017ko urtarrilaren 05
Martin Winterkorn. (Arg.: Volkswagen)

Taldeko diesel autoen emisio datuak manipulatu zituzten 2015ean, isurketa testak gainditzeko legez kanpoko software bat erabiliz. Informazioa zabaldu eta egun gutxira dimititu zuen orduan presidente zenak. Halere, Winterkornek konpainiarekin zuen kontratua 2016 amaieran amaitu zen.

69 urteko gizonak bere soldataren %70 jasoko du pentsio gisa, 1,2 milioi euro urtean, 3.100 egunean. Volkswageneko zuzendaritza taldeko beste hainbat kidek ere antzeko pentsioa izango dute, sinatutako kontratuetan hala adierazita baitute.

Duela gutxi Europar Batzordeak zazpi estatu zigortu zituen isurketen inguruko legeak betetzen ez dituzten fabrikei isunak ez jartzeagatik, tartean Espainiakoa. Volkswagenen kasua argitzean beharrezko ziren zigorrak ez ezarri izana egotzi zien batzordeak.