AEBtako Ingurumena Babesteko Agentziak (EPA) salaketa jarri dio marka alemanari bere hiru litroko diesel motorragatik. Aurreko auzian salatutako modeloak bezala, motor honek autoak isurtzen dituen gasen kopurua murrizten du emisio frogetan.
Volkswagenen bi litroko diesel motorren emisioen auzia gertatu eta hilabete eskasera egin du salaketa EPAk. AEBtako ingurumen agentziaren arabera hiru litroko motorrak frogetan emisioen emaitzak moldatzeko “aparailu elektroniko” berbera du, eta ondorioz adierazi du auto hauek “baldintza normaletan” bederatzi aldiz nitrogeno oxido gehiago isurtzen dutela. Motor mota hau duten modeloak ondorengoak dira: 2014ko Volkswagen Touareg-a, 2015eko Porsche Cayenne-a eta 2016ko Audi A6 Quattro, A7 Quattro, A8, A8L eta Q5a. AEBtan soilik 10.000 ibilgailuri eragingo dio salaketak – 2016an salduko dituztenak gehitu behar dira–, baina Europan ziurrenik gehiago izango dira.
Marka alemanak AEBtako Aire Garbiaren Legea urratzen duen bigarren aldia da hau. EPAk azaldu duenez, urraketa atzemateko gai izan dira aurreko Volkswagen auziaren harira emisio froga zorrotzagoak egiten direlako. Agentziak gaineratu du emisio azterketa berriei esker, tranpa bera egiten saiatu diren beste markak atzemateko gai izango direla.
Volkswagenek trukatutako motorrak konpontzeko “soluzio tekniko eraginkor” batean lanean ari direla, eta “soluzioak” urtarrilean ezarriko dituztela adierazi du Matthias Mullerr kontseilari delegatu berriak. Auditoria batek Dieselgate auziaren arduradunak nortzuk izan diren argituko duela ere gaineratu du.
Zenbait adituk 100 mila milioitan ezarri dute auziak marka alemanari ekar liezaiokeen isun eta gastuen kostua. Horrek Volkswagenen produkzioa murriztea edo taldeko auto marka batzuk saltzea ekar lezake, General Motorsek 2009an egin zuen bezala. 2016ko uda parterako aurkeztuko du Volkswagenek Strategy 2025, estrategia korporatibo berria.