Volkswagenen diesel motorren aferaren ostean, azken hilabeteetan Europar Batzordea autoen isurketen inguruko araudi berri bat prestatzen aritu da. El Diario egunkariak eskuratutako dokumentuaren arabera araudia hasiera batean izan behar zuena baino arinagoa da.
Europar Batzordeak 2019an jarri nahi du indarrean araudi berria. Diesel motorrek gaur egun baino %20 gehiago kutsatu ahalko dute, eta frogak errepidean egingo dira, ez laborategian. Gaur egun muga kilometroko 80 miligramo karbono dioxido da. Araudi berriarekin 96 miligramora igoko da. Batzordearen esanetan, frogak errepidean eginez gero, gaur egungo isurketa mugak ezin dira bete eta horregatik igo egin behar dira.
Dieselgatek datuak trukatzeko softwarearen erabilera argitara atera zuen. Hori dela eta, Batzordearen dokumentuan berebiziko garrantzia du aparailu horien debekua betetzen dela ziurtatzeko arauak. Araudi berriak ordea, ez ditu asebete talde ekologistak. Greg Archer Transport & Enviroment talde ekologistako kideak adierazi du ez dagoela inongo arrazoirik ibilgailuek %20 gehiago kutsatzeko: “Volkswagenen aferaren ostean isurketa handiagoak ahalbidetzeak ezinezko egingo du sektorearengan konfiantza berreskuratzea”.
Arautegi berrira moldatzeko, denbora tartea emango die auto enpresei Europar Batzordeak. Denbora tarte horien inguruan sortu da eztabaida Europar Batzordearen eta diesel merkatu handienak dituzten herrialdeen artean. Alemania, Espainia, Frantzia eta Italia dira mota honetako motor gehien ekoitzi eta erabiltzen dituztenak. Herrialde hauek araudi arinagoa eskatu diote Europar Batzordeari.
Zehazki, Espainia izan da diesel motorren Europar Batzordeari oposizio gogorrena egin dion herrialdea, Volkswagenen eskandaluak Alemaniaren jarrera kolokan jarri ostean. Bere helburua isurketen muga gaur egungoa baino %60 handiago izatea da. Araudi berria oraindik berresteko dago, eta bihar azken eztabaida egingo dute estatu kideek horren inguruan.