argia.eus
INPRIMATU
Diesel berrienek ere kutsadura arriskutsua isurtzen dutela erakutsi dute
  • Dieselgate eskandualen ostean, diesel teknologiazko kotxe berrietan kutsadura arazoak konponduta zeudela uste zuena oker zegoen. Transport & Environment agentziak –Europako hainbat ekologista eta ingurumenaren aldeko elkarte biltzen dituen federazioak– egunotan plazaratutako txosten batean erakutsi du nola isurtzen dituzten partikula oso kaltegarriak azken belaunaldiko diesel motorra daramaten autoek.

ARGIA @argia 2020ko urtarrilaren 13a
(Irudia: Transport & Envyronment)

Diesel auto berrienen motorrek eragindako kutsagarriak osasunaren kaltegarri dira, askok uste dutenaren eta industriak dioenaren kontra. Transport & Environment federazioak zorrozki aztertu ditu Europar Batasunaren kontrol test berrienak gainditzen dituzten bi auto, dieselaren konbustioak isuritako partikulak harrapatu behar dituzten filtroz hornituak. Eta horiek ere ez dute aitortutako helburua betetzen: onargarria litzatekeen kutsadura bider 1.000 isurtzen dute airera.

New diesels, new problems txostenean (Diesel berriak, arazo berriak, gaztelaniazko eta frantsezko bertsioak badira) erakusten da nola den posible teorian askoz garbiagoak diren autoek, Euro 6d-temp estandarra betetzen dutenek, hain emaitza txarrak ematea. Filtroetan bertan dago gakoa. Autook isuritako keak garbitzeko filtro bana daramate eta hauek beren lana egiten dute ia beti... salbu eta filtroak butxatu ez daitezen tarteka beren buruak garbitu behar dituztenean.

Transport & Environmentek EBren arautegia betetzen duten bi auto salduenekin –NissanQashqai​eta ​Opel/VauxhallAstra– frogatu du estandar berria nola dabilen ez laborategian baizik eta bizi errealeko baldintzetan eta ohartu dira filtroak garbitzeko operazio hau, kotxeak martxan dagoela automatikoki egiten duela 450-500 kilometro burutu ahala, tokatzen den lekuan tokatzen dela, izan landa eremu, autopista edo hiri erdian. Eufemismoz regenerate deitu arren, 15 kilometrotan zehar filtroek beren buruak garbitzeko operazio horretan aieratzen ditu ustezko ibilaldi txukun osoan baino askoz partikula eta pozoi gehiago atmosferara.

Gaur egun 45 milioi autok daramatzate filtro hauek Europa osoan eta kalkulatzen da urtean 1.300 milioi regenerate garbiketa egiten dituztela. Irakurlea ohartuko denez, Londresen eta azken aldian Bartzelonan bezala agintariek hiri handietan ezarri dituzten emisio gutxiko eremuetan sar daitezkeen kotxeez ari gara. 

Ikusi beharko da zer nolako oihartzuna lortzen duen Transport & Environment txostenak aireratu duen eskandaloak, oraingoz hedabide nagusiek ez dute askorik haizatu, ez bada La Vanguardia bezalako egunkariren bat. Baina funtsean erakusten du industriaren lobby lanak lortzen duela agintariek kutsadura erregulazioak antolatzea iruzurra legalki burutzeko moduan. Dieselgate auzi famatua lehertu zen Volkswatenek (eta geroago jakin zen beste autogile batzuek ere bai) kutsadura datuak faltsutzeko sofwarea zeukala instalatuta beren kotxeetan, baina eskandalua hortik urrunago zihoan: EBko agintariek baimendua zeukaten autook kontrolatzea eguneroko martxa erreala ez den baldintzetan.

Orain Transport & Environmentek erakutsi du EBren arautegiak auto berriei kutsatzen jarraitzeko zulo bat utzi diela industrialei, lehengo trikimailu berarekin: ez ditu kontrolatzen eta ezin ditu kontutan hartu autoek martxan beren filtroak garbitzeko ingurua 450-500 kilometrotan behin egiten dituzten deskargak. Ondo begiratuz gero, hondakinak kiskaltzen dituzten erraustegiei agintariek lagatzen dieten trikimailu bera da: industriak bere burua kontrolatzeaz gain, tarteka baimentzen zaio kutsagaiak filtrorik gabe aireratzea, filtroei bypass eginez. Beti filtroak arazo guztientzako ustezko soluzio eta beti filtroetan iruzurra.

Dieselgate 2.0 bertsio berrituaren atarian gaudeke.