Nagore Laffagen hilketaren harira, Diego Yllanesek ahaztua izateko eskubidea aldarrikatu du. Espainiako Auzitegi Nazionalak eskaerari uko egin, eta erabaki du informazio eta adierazpen askatasuna gailentzen zaizkiola.
Hamabi urte eta erdiko kartzela zigorra ezarri zioten, Diego Yllanesi, 2008ko Sanferminetako uztailaren 7an, Nagore Laffage hiltzeagatik. 2020. urtean bete zuen zigorra, eta hortik hilabete gutxira ahaztua izateko eskubidea aldarrikatu zuen. Espainiako Auzitegi Nazionalak eskaerari uko egin, eta erabaki du informazio eta adierazpen askatasuna gailentzen zaizkiola.
Nagore Laffagen inguruko albisteetan, ezinbestean Yllanes ageri da. Horregatik, Google enpresari, ostean Espainiako Datuen Babeserako Agentziari eta azkenik Espainiako Auzitegi Nazionalari haren inguruko albiste batzuk kentzeko eskatu du Yllanesek. Argudiatu du besteak beste, ez zuela sexu deliturik egin, baina zenbait komunikabidek horrelako delituekin lotura zuela zabaldu zutela. Datu okerrak emateak datuen babeserako oinarrizko eskubideak urratzen dituztela argudiatzen du.
Googlek eta Espainiako Datuen Babeserako Agentziak atzera bota zuten eskaera, besteak beste, albisteek interes publikoa dutelako, gerora egindako delitu batzuekin antzekotasuna dutelako eta oihartzun handia izan zuen hilketa bat izan zelako. Hala ere, akatsak zituzten albisteak aldatzeko eskaera egin zezakeela esan zioten.
Frogarik eza
Ezezkoaren ostean, helegitea aurkeztu zuen Auzitegi Nazionalean. Hala ere, Auzitegi Naziolanak argi ikusi du informazio eta adierazpen askatasuna gailentzen zaizkiola: "Auzi-jartzaileak ez du frogarik aurkeztu albiste horietan agertzen den zehaztasun falta nabarmenez". Horrez gain, Googlen eta Espainiako Datuen Babeserako Agentzien argudioei heldu die.
Yllanesek eskatu du ere NL hil zuen gizona eta NLren hiltzailea bezalako esaldiak kentzea. Auzitegi Nazionalaren arabera, horrelako esaldiak ez dira Yllanesi buruzko informazio pertsonala; beraz, uko egin dio eskaerari.