argia.eus
INPRIMATU
Didier Aguerre euskal presoa aske utzi dute 20 urte eta gero
  • 2001ean atxilotu zuten eta hemezortzi urteko kartzela zigorra ezarri zioten ETArekiko lotura izatea egotzita.

Iraitz Madariaga Etxebarria 2021eko ekainaren 24a
Orain presoak manifestazioa Bilbon, 2019. Argazkia: Hitza

Didier Aguerre pagolarra ekainaren 24an irten da Lannemezango (Okzitania) presondegitik, hogei urtez kartzelan egon ondoren. 2001eko irailaren 23an atxilotu zuten Saint-Étiennen, ETAko kide izatea egotzita. 2006an epaitu zuten, beste 14 lagunekin batera, eta hemezortzi urteko kartzela zigorra ezarri zion frantziako justiziak. 

1997an atxilotu zuten Aguerre lehen aldiz, Senpereko eta Irisarriko komisarien kontrako erasoetan parte hartzeaz akusaturik. Orduan baldintzapean aske utzi zuten, baina ez zen bere kontrako auzira agertu. Hiru urteko kartzela zigorra ezarri zioten.

Ipar Euskal Herriko bi preso dira Frantziako kartzeletan

Kazeta.eus hedabidearen arabera, Lorentxa Beyrie eta Didier Aguerre aske utzi ondoren, Ipar Euskal Herrikoak diren bi euskal preso gelditzen dira Frantziako Estatuko kartzeletan: Jakes Esnal Lannemezanen eta Ion Kepa Parot Mureten. Uztailaren 10erako antolatu du martxa bat Bake Bidea-k, Ion eta Unai Paroten eta Jakes Esnalen askatasunak eskatzeko, baita euskal preso guztiek jasandako jazarpen juridikoen salatzeko ere.