argia.eus
INPRIMATU
Udako kultur gomendioak
Diberti gaitezen

Gorka Bereziartua Mitxelena @gorka_bm 2018ko uztailaren 27a

Gutako askori trauma txiki bat eragin zigun Bide Ertzean taldeak “ez dakigu noiz arte” esateak; pixka bat malenkoniatsu jartzen hasiak ginen euskal pop-aren gailurretako bat zirkuitutik kanpo ikusita; eta halako batean Imanol Ubeda dator, talde hartako frontmana, Don Inorrez izena hartuta disko berri honekin, “ez gaitezen dramatikoegi jarri” esanez bezala.

Mugiro bila honetan Bide Ertzeanen arrastoen bila hasiko denak aurkituko ditu antzekotasunak, seguru; baina pertsonalki, gehiago eskertu dut ia 20 urteko ibilbide musikal horren ondareari erabat muzin egin gabe Ubedak aurkitu duen ahots berri eta ironikoa. Diskoa irekitzen duen Segika ditut-en hitzetatik sumatzen da jolasteko gogo hori, Garai postmodernoan edo Angel Gonzalezen hitzekin osatutako Kristoren gonbidapena-n ere oso agerikoa dena, besteak beste.

Paco Loco ekoizle ezagunaren eskuak ere berezi egiten du diskoa: Julen Azpitarte kritikariak Teenage Fancluben sonoritatea aipatu zuen Berria-n egin zion kritikan eta hara, ba bai, badu aire bat.

Nolanahi ere, lan honetako nire momentutxoa E jauna da, Pello Lizarralderen hitzen gainean osatutako erretratu bat, zeinean Mark Oliver Everett agertzen den, Eels taldeko abeslaria eta aspaldian irakurri dudan liburu autobiografiko onenaren egilea. Barruan bizitzen geratzeko moduko kanta bat.