argia.eus
INPRIMATU
Diana Isabel Hernandez hil dute, ingurumenaren aldeko ekintzaile guatemalarra
  • Hernandez tiroz hil zuten larunbatean. Elkartasunaren aldeko Aliantza gobernuz kanpoko erakundeak hilketa ikertua izan dadin eskatu du, beste hainbat hilketarekin gertatu den bezala, gertakaria zigor gabe geratu ez dadin.

ARGIA @argia 2019ko irailaren 17a
Diana Isabel Hernandez (Argazkia: Alianza por la Solidaridad)

Larunbatean, Suchitepéquez departamentuko Monte Gloria komunitatean burutzen ari ziren prozesio baten aurka egindako erasoan, tiroz hil zuten Hernandez. Elkartasunaren aldeko Aliantza GKEak jakinarazi duenez, Hernandez Monte Gloria komunitatean bizi zen. 35 urte zituen, irakaslea zen, eta baita Ingurumen koordinatzailea ere Suchitepéquezeko Guatemalako Guadalupeko Andra Maria parrokian.

Guatemala hego-mendebaldean kokatzen da Suchitepequez departamentua. Bertakoa oihan tropikala da, baina zuhaiztiak, galbidean, soilik leku jakin batzuetan mantentzen dira. GKEak azaldu duenez, Hernandezek “ingurumenaren babesa bultzatzeko ekintzetan parte hartzen zuen, eta bere biziaren zati handi bat eman zuen baso-berritze komunitariorako bertako espezieen sentsibilizazioan eta horiek lehengoratzen, eskualdeak dituen ingurumen arazoei aurre egiteko; batez ere, ur eskasiari".

“Hilketa koldar” bat izan dela salatu du Elkartasunaren aldeko Aliantzak, eta ikertua izan dadin eskatu. Izan ere, azaldu dutenez, hainbat hilketa sakonki ikertu eta zigorrik ezarri gabe geratu dira. GKEak emandako datuen arabera, 2017 eta 2018 urteen artean komunitatearen aldeko ekintzaileen aurkako 39 eraso zenbatu zituzten. Hernandezen hilketaren ostean giroa gaiztotuko ez ote den, arduratuta azaldu dira, eta ohartarazi dute irailaren 5ean ezarritako setio egoera medio ugaritu egin daitezkeela giza eskubideen aurkako erasoak.

Setio egoera indarrean, armada kalera atera da Izabal, Alta Verapaz, Baja Verapaz, Peten, El Progreso eta Zacapa departamentuetan. GKEak azpimarratu du toki horietan gatazka handiak jaso direla meatzaritza, hidroelektrika eta nekazaritzarekin lotutako enpresa proiektu handien bueltan. GKEaren iritzitan, soldaduen presentziak areagotu egingo ditu giza eskubideen urraketa kasuak.