argia.eus
INPRIMATU
Diagnostikotik ekintzetara: ikastetxeetako errealitatea hobetzeko neurriak borrokatzen ari dira Irunen
  • Ikasturte honetan familia eta langileengan ardura gehiegi jarri dela, ez dela ikastetxeetara nahikoa baliabide bideratu, azpiegitura berriak behar direla eta ez dela tokian tokiko errealitatea kontuan hartu, ezta ikasleen osasun fisiko eta emozionala ere. Irungo Hezkuntza Plazara ekimenak ateratako ondorioetako batzuk dira. Diagnostikoa publikoki aurkeztu ostean, Udalarekin bildu eta hainbat neurri adostu dute, hezkuntzak gaur egun dituen beharrak asetzea helburu.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2021eko uztailaren 05a

Irungo hemezortzi ikastetxetako ia mila hezitzaile, senide eta eskolatako langilek erantzun duten galdetegian oinarritu dute diagnostikoa. “Ezinegona” eta “bakardadea” moduko hitzak jaso dituzte ondorioetan, administrazioaren planifikazio falta tarteko. Baliabide nahikorik ez dute izan ikasturte honetan, ikastetxe bakoitzaren errealitateari egokituak eta ikasleen osasun fisiko eta mentala aintzat hartuko dutenak. Hala dio Irungo Hezkuntza Plazara ekimenak. Areago, azpimarratu dute guraso elkarteen presioak lortu duela hainbatetan administrazioak baliabideak bideratzea.

Pandemia garaiotan, agerian geratu da azpiegiturak berrantolatu eta berriak eskuratzeko premia, adibidez udal instalazioak ikastetxeen zerbitzura jarriaz. Kontziliazioa erraztea, euskararen erabilera bultzatzea, gelako ikasleen kopurura txikitzea eta hezitzaile eta langile gehiago kontratatzea dira nabarmendu dituzten beste aldarrikapen batzuk.

Udalari ardurak

Dagozkion ardura eta erantzukizuna eskatu diote Udalari, eta diagnostikoa aurkeztu diote Irungo Hezkuntza sailari. Diagnostikoan aipatutako gauza gehienekin, “guztiekin ez”, ados agertu direla azpimarratu dute ekimeneko ordezkariek, eta hurrengo ikasturtera begira hainbat neurri adostu dituztela: hala nola, garbiketa zerbitzua, karpak eskolako patioetan eta espazio publikoen erabilera hezkuntzarako.

“Elkarlanean aritzeko lehen urratsa eman dugu. Dena dela, komunitatearen kezka eta ezinegonak jarraitzen badu, Irungo hezkuntza komunitatea mobilizatzen jarraituko dugu”, adierazi dute egitasmoko ordezkariek.