argia.eus
INPRIMATU
Diadako “Via Lliure”k 210.000 atxikimendu jaso ditu jada
  • Irailaren 11n Kataluniako Diadaren egunean ospatuko den “La Via Lliure a la República Catalana”ko mobilizaziorako 210.000 lagunek izena eman dute, ANCko ( Kataluniako Asanblada Nazionala) datuen arabera.

Martin Mendizabal Garai @mendigarai 2015eko abuztuaren 25

Asteartean datuak joan den urtekoaren antzekoak dira: duela 365 egun 220.000 atxikimendu zeuden.

ANCk mobilizazioan  parte hartzeko spot-a kaleratu du:

Ciutadansek protesta ekidin nahi du

Carlos Carrizosa, Ciutadans alderdiko buruzagi ordeak esan duenez, “Via Lliure” mobilizazioa legearen aurkakoa dela eta hauteskunde batzordeak esku hartu beharko lukeela.

Epaitegiek protestak hauteskunde erregimenerako LOREG legea betetzen duen aztertu beharko luketela uste du Carrizosak.

Ez da Ciutadansen lehen mehatxua izan: Bartzelonako Udalean Ciutadanseko zinegotzia den Carina Mejíasek hauteskunde kanpainan esan zuenez, bere alderdiak hauteskundeak irabaziko balitu “Via Lliure” saihesten saiatuko zen.

Mejiasen esanetan, ANCren ekimenak “alderdikoiak” izateaz gain, Kataluniako gizartearen “zatiketa” eragiten dute. Urriaren 12ko ekimenak nahiz Konstituzio Espainiarraren aldekoak, aldiz, defendatu behar direla gaineratu du Ciutadanseko kideak.

“Junts pel Si”k 100.000 hautagai nahi ditu

Raül Romeva, hautagaitza bateratuaren zerrendaburuaren esanetan, 100.000 hautagai nahi dituzte zerrendan. Momentuz 43.000 pertsona dira zerrenda babesten dutenak. “Junts pel Si”k ostiralean egingo du kanpainako lehen ekitaldi handia eta hautagaitzaren berri eman zutenetik lehenbizi bilduko ditu Artur Mas, Oriol Junqueras eta Raül Romeva.

Europako hauteskunde zerrenda handiena izateko helburuarekin sortu zen "Junts pel Si". 13.500 zerrenda kide lortzeko xedea zuen, baina marka 24 ordutan bete zen. Joan den asteburuan 40.000 pertsonako muga gainditu zuen, eta datozen asteetan errekor berriak lor ditzake.

 

Vicenc Sanchisen Nazio 'osoa' artikulua.