argia.eus
INPRIMATU
Diada, independentismoaren arrakalen azken ispilua
  • ANCk buruzagi politikoei ez die tratu bereziturik emango Diadaren egunean. Erreakzio ugari piztu da, lehenagotik datozen tentsioen erakusgarri direnak. Mossoek sei independentista atxilotu dituzte egun hauetan.

Z. Oleaga @zoleaga1 2019ko abuztuaren 02a
2018ko Diadaren irudi bat. Argazkia: El Nacional.cat.

Kataluniako independentismoan batasuna ez dela nagusi nabarmena da aspaldi. Maila estrategikoan dauden ikuspegi ezberdinak epe motzeko jarrera alderdikoiekin nahasten dira, besteak beste. Apirileko eta maiatzeko hauteskundeez geroztik horren isla nagusia alderdiek erakundeetan egindako akordioak izan dira. Independentisten artean akordioetara heltzeko ezintasuna, eta aldiz zenbait erakundetan Podem-ekin edo PSCrekin itunak egin izana liskar eta ika-mika asko sortu du. Testuinguru horretan ulertu behar da aste honetan Diadaren inguruan gertatutakoa.

Aurtengo Diadak aldaketa esanguratsua izango du. ANCk antolatuko du hitzordu masiboa. Urtero, agintari politikoei bertaratzeko gonbidapen zuzena egiten zitzaien eta gune propio berezitua izaten zuten, agertokiaren ondoan. Aurten, ordea, gonbidapenik ez luzatzea erabaki du ANCk, aste hasieran jakin denez. Alderdi politiko independentistei mezu kritikoa helarazteko modutzat jaso da aldaketa: "Aurtengo irailaren 11ko deialdiak ezberdina izan nahi du. Egungo buruzagi independentistei arreta deitzeko baliatu nahi da, eguna aniztasun ideologikotik eraikitako batasun estrategikoaren aldeko aldarri bihurtuz", dio El Nacional.cat egunkari digitalak.

Batasuna eta kritika

Asteazkenean ERCren bi kontseilari ohi deialdiarekin eta ANCrekin oso kritiko agertu dira. Josep Huguet-ek adierazi du ez dela mobilizaziora hurbilduko aurretik ez bada gelditzen "alderdien aurkako eta bereziki ERCren aurkako musika". Anna Simó alderdikidea batu zaio jarraian Hugueti, adieraziz berak jada ez agertzea erabaki duela "30 urte baino gehiago eta gero".

Egun berean, zatiketa giro horri batasun irudi batekin eta batasunera deituz erantzun diote ANC eta Ómniun Cultural mugimenduek. Hilabeteak ziren bi elkarteek ez zutela agerraldi bateraturik egiten. Bien artean ere ezberdintasunak daude independentismoak jarraitu beharko lukeen ildo estrategikoaren inguruan. Alderdiei gonbidapen berezirik ez eginagatik Diadara "mundu guztia" dagoela deituta nabarmendu dute, eta herritarrek politikarien jarduna fiskalizatzea defendatu dute. Kritikak ERCri ez ezik gainontzeko alderdiei ere zuzendu dizkietela adierazi dute, eta kritika horiek "zilegi" direla.

Urrian hel liteke buruzagi independentisten aurkako epaia, eta Epaitegi Gorenak zigor gogorrak ezartzea da uste orokorra. Ómniumek eta ANCk epaiari modu bateratuan eta "erasoaren tamaina berean" erantzuteko beharra azpimarratu dute.

Ostegunean Carles Puigdemontek egin ditu adierazpenak. Politikariei toki berezitua ez emateari "inongo tragediarik" ez dela badio ere, ohartarazpena egin du: "Kezkagarri irudituko litzaidake politikaren eta alderdien aurkako noraezean sartzea". Ostiralean, Kataluniako Gobernuaren bozeramaileek giroa baretu nahi izan dute. "Ez gara baztertuta sentitzen, han izango gara", esan du Meritxell Budók. "Diada ez da ez Governarena ez alderdiena, jendearena da".

Atxilotuak

Tentsioek eta haserrek beste foku bat ere izan dute aste honetan. Astezkenean Eskuadra Mossoek sei pertsona atxilotu dituzte eta beste hiru deklaratzera deitu, ia denak Bartzelonan. Horietako hiruk gaua pasa dute komisaldegian. Atxilotuetako gehienak CDRen inguruko militanteak dira, eta bi Arran-ekoak. Kataluniako Poliziak desordena publikoak, agintaritzaren aurkako atentatua, lesioak eta indarkeria leporatzen dizkiete aurreko hilabeteetako hainbat ekimen eta protestarekin lotuta. Esaterako, abenduaren 21ean Bartzelonan egindako Espainiako Ministro Kontseiluaren aurkako eserialdiengatik.

Ostegunean kontzentrazioa egin dute epaitegi aurrean, atxilotuei babesa adierazteko. "Independentismo herritarra ez gara inongo antolakunde kriminala; seinalatzen gaituen Govern-a eta tiro egiten digun sistema judiziala dira”, adierazi dute.