argia.eus
INPRIMATU
Deustuko zubia moztu dute emakumeen enplegua duintzea aldarrikatuz
  • LABeko dozenaka sindikalistek eserialdia egin dute zubian hainbat minutuz, trafikoa etenez. Ekintza gehiago iragarri ditu sindikatuak aste honetarako.

ARGIA @argia 2021eko ekainaren 07a

Eguerdi aldera burutu dute ekintza sindikalistek. Ertzaintza hamar bat minutura agertu da, eta tarte batez protestaren arduradunetako batekin hitz egin ostean, LABeko kideak lurretik altxatu eta ekimena amaitutzat eman dute. Protesta berean ondoko Zubiarte merkatal gunean pankarta bat eskegi dute, No sobra nadie. Lana banatu, kapitala banatu! Leloarekin.

Ohar batean azaldu du ekintzaren zergatia LABek: “Euskal gobernu eta patronalei mezu argi bat zabaltzeko: premiazkoa da emakumeen enplegua baloratzea eta duintzea”. LABeko Zerbitzu Pribatuetako federazioko kide Maddalen Doradorrek adierazpenak egin ditu zubian. “Garbitzaileak gara, duintasunetik urrun dauden lan baldintzak ditugunak; ostalaritzako langileak gara, gure politikoek gu kontuan hartu gabe ireki eta ixten dituztenak; merkatariak gara, enpresen irabaziak hazten ikusten ditugun bitartean, murrizketa eta kaleratzeak sufritzen ari garenak… jarduera ezberdinetako langileak gara, egunero-egunero are gehiago prekarizatuak eta tantaka kaleratzen gaituztenak, eta gure kaleratzeak ez dira inon ageri”.

Ekintza gehiago

Aste honetan tankerako ekintza gehiago iragarri ditu LABek, prekarietatearen eta enpleguen galeraren aurka borrokatzeko dinamika hasi berri baten baitan: “Hau hasi besterik ez da egin. Borrokak hauspotu eta indartzeko garaiak datoz Euskal Herrira”.