argia.eus
INPRIMATU
Deustuko Unibertsitateak Adrian Almazán irakaslea arrazoi ideologikoengatik kaleratu duela salatu du Steilasek
  • Almazán 2020-2021 ikasturtean hasi zen lanean, eta ikasturte honen hasieran kanporatu du Deustuko Unibertsitateak. Steilas sindikatuak salatu du unibertsitateak arrazoi argirik ez diola eman Almazáni, eta kapitalismoarekiko ikuspegi kritikoa izateagatik eta herrigintzan militatzeagatik kaleratu dutela.

ARGIA @argia 2021eko urriaren 22a
Argazkia: deustu.eus

Irakasle laguntzaile doktore gisa kontratatu zuen Deustuko Unibertsitateak Almazán, Gizarte eta Giza Zientzien Fakultateko Etika Aplikatuko zentroan. Steilas sindikatuak nabarmendu du iragan ikasturtean normaltasunez lan egiteaz gain, unibertsitateak “ebaluazio bikainarekin” baloratu zuela Almazánen ikerketa lana. Ikasturte honen hasieran kaleratu du irakaslea Deustuko unibertsitateak, “bakarrik ahoz emandako eta erakundera edo arduradunen eskakizunetara ez egokitzeari buruzko justifikazio lausoak alegatuz”. Steilas sindikatuko kide da Almazán.

Kaleratzearen arrazoiak bestelakoak dira Steilasen arabera, ordea: “Gertatu dena da Deustuko Unibertsitateari ez zitzaizkiola gustatzen Adrianen teknologiarekiko eta kapitalismoarekiko ikuspegi ikertzaile kritikoa, ezta hainbat mugimendu sozial eta ekologistetan zuen militantzia aktiboa ere. Edota Adrianen ukoa unibertsitate-erakunde batenak baino merkataritza-erakundeenak ziruditen eskakizun instituzionaletara makurtzeari”.

Prekarizazioaren erakusle

Sindikatuaren esanetan, Almazánen kaleratzea erabaki “oso larria” da, eta “pentsamendu, katedra eta ikerketa askatasunaren” aurkakoa. Unibertsitateko irakasle eta ikertzaileek –“bereziki unibertsitate pribatuetan”– bizi duten egoera prekarioaren erakusgarritzat jo du gertatua: “Urtero berriztatu beharreko obra eta zerbitzu kontratuekin, inolako justifikaziorik aurkeztu beharrik gabe erraz eta merke hautsi daitezkeenak”. Unibertsitatearen pribatizazioa sakontzen ari dela eta horrek prekarizazioa areagotuko duela ohartarazi du sindikatuak.

Ekologistak Martxanen elkartasuna

Ekologistak Martxaneko kide da Adrian Almazán, eta talde ekologistak oharra plazaratu du bere kaleratzea salatuz eta elkartasuna adieraziz: "XXI. mendeko erronka ekosozialei aurre egiteko katedra-askatasuna eta pentsamendu kritikoa funtsezkoak dira". Elkartasun adierazpen gehiago ere izan dira, hala nola energia eta deshazkunde gaietan aditu den Antonio Turielena.