argia.eus
INPRIMATU
Deustuko Gazte Lokalaren eraikina mantentzeko 2.000 bat sinadura batu dituzte
  • Sinadurak Udal Erregistrora eramango dituzte ostegunean. Sinaduren "entrega masiboa" babesteko, deustuarrei Bilboko Udaletxeko eskaileretara agertzeko deia egin die Deustuko Gazte Lokalaren aldeko Plataformak.

Uriola.eus @uriolaeus 2018ko otsailaren 07a

Bilboko Udalak egun Deustuko Gazte Lokala dagoen eraikina eraitsi nahi du, bere lekuan eraikin berri bat egiteko eta etxebizitza eta aisialdirako erabilpena emateko. Deustuarren artean, ordea, asko dira XIX. mendeko eraikina mantentzearen aldekoak eta, horietako askok, 2.000 bat lagunek, Deustuko Gazte Lokalaren aldeko Plataformaren (DeGLAP) eskaria babestu dute. 

Bilboko Udaleko Ondare Batzordeari eskari zuzena egin dio plataformak: "XIX. mendeko eraikina denbora gutxi barru onartuko den HAPO-PGOUren Eraikinen Katalogoan txertatzea", Deustuko Udal Merkatu zaharra izan zena matentzeko xedez. 

Izan ere, plataformaren arabera, eraikinak balio historikoa du, "Deustu elizatea izan zela gogorarazten duen aztarna bakarrenetakoa da", eta "bere erabilera kolektiboa" dela eta, "funtsezko espazioa" da, esaterako, Olentzeroa, Deustuko inauteriak zein Deustuko jaiak antolatzeko. Deustuko herri mugimenduak "erabilia, kudeatua eta zaindua" dela azpimarratzen du plataformak bere eskarian.

Erregistro jendetsua

Deustuko Gazte Lokalaren Aldeko Plataformak deustuarrei deia luzatu die Bilboko Udaletxeko eskaileretan ager daitezen, bihar, otsailak 8, 17:45ean, "abendutik gaur arte Deustuko Merkatu zaharraren –1991tik Gazte Lokal izan denaren– alde jasotako 2.000 sinaduratik gorako erregistro jendetsu bat egite aldera".

Albiste hau Prest Aldizkariak argitaratu du Uriolan eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra.