Bilboko Udalak, "sistema judiziala erabiliz", 15 egunen buruan lokala husteko agindua helarazi die Deustuko Gazte Lokaleko kideei. Gazteen arabera, 2008tik bi aldeek sinatutako "hitzarmenari amaiera eman" eta "elkarrizketak bortizki etetea" erabaki du Udalak, "inolako komunikazio zuzenik gabe". "Lanari eta borrokari" elkarlanetik ekiteko deia zabaldu dute "inposatutako eredu honetatik at dauden alternatibak berriz sortzeko".
Hogeita sei urteko ibilbidean "autogestioa, auzoa eta kolektibotasuna" izan dituzte ardatz Deustuko merkatu zaharretik eta txoridendatik pasa diren gazteek. Asko izan dira bertatik "igaro, hasi eta gauzatu diren amets, egitasmo eta pertsonak". Hitzaldi, ekintza, asanblada, proiektu, tailer, bazkari, musika emanaldi, lan egun, eztabaida eta irribarreak ugari izan dira. Baina, batez ere, "konpromisoz, lanez, gogoz, esfortzuz, irudimenez, elkarlan eta elkartasunez, maitasunez eta gorrotoz, antolakuntza eta borrokaz bete dugu eraikina".
Gaurko prentsaurrekoan adibide gisa jarri dute "auzokide askorekin zaindutako harremana" -ondoko Luzarra kaleko 6. atariko etxebizitzen jabeetako askok elkartasuna agertu diete-, eta gaineratu dute, "beharbada hau dela Udalak gurekiko duen arazoa. Baina guk argi daukagu mila proiektu ditugula aurretik espazio honetan gauzatzeko. Auzoak Gazte Lokala behar du".
Aldarrikapen hori plazaratzeko, Deustuko Gazte Lokala defenda dezagun lelopean, bihar, osteguna, elkarretaratzea deitu dute 19:00etan Done Petri plazan eta ostiralean manifestazioa Deustun zehar, 19:30ean Done Petritik hasita.
Hiria "kapitalaren eskuetan"
"Tamalez", gazteek jakin badakite "sistema kapitalista kolokan jartzen duen edozein egitasmo edo ideiak errepresioa dakarrela berarekin". Prentsaurrean aipatu dituzte "Udalaren aginduz desalojatutako" Izar Beltz ateneoa eta Etxarri gaztetxea, esaterako. Baita Kukutza I-II eta II, Uribarriko Patakon auzo etxea, Erribera 13, Alde Zaharreko gaztetxe zaharra, La Maison, La Posion eta Bilbotik kanpo dauden beste hainbat gune autogestionatu. Aburto alkateak, Bilbo "kapitalaren eskuetan utzi" duela salatu dute. Oro gar, udal gobernariek "gizarte eredu bat defendatzen dute, eta ez da Kukutzarena". Hiria "kapitalaren neurrira" perfilatzen duen eredua baizik. Besteak beste, ondoriotzat uzten ditu "etxebizitzaren espekulazioa, frankizia eta multinazionalen inbasioa, turismoaren masifikazioa, indibidualismorako joera, auzo periferikoen abandonoa eta presentzia polizial neurrigabeak".
"Antolatuko gara berriro"
Hamabost egunen buruan eraikinak husteko agindua jaso dutenetik une tristea bizi dute Gazte Lokaleko lagunek. Ez dute ezkutatu sentitzen duten "amorrua". Baina amorrua eraldatzeko prest daude, "eredu alternatiboak eraikitzen jarraitzeko". Horretarako funtsa "elkarlanean borrokatzea" dela diote, eta elkarlan horretarako bitartekoa da gaztetxeen koordinaziorako joan den martxoan aurkeztutako Bilboko Gazte Asanbladen Sarea (GAS).
Hortaz, Deustuko gazteak, elkarlanean, "ukabil eta hortzak estutu" eta "berrio" antolatuko dira. "Lan eta borrokari ekingo diogu", adierazi dute. "Haien erasoak jasotzen ditugun bakoitzean badelako herri, auzo, komunitate edota lagun talde bat indarrez erantzun eta jarduteko prest. Beti izango gaituzte aurrean. Gure askatasuna sentituko dute, gure gorrotoa eta gure maitasun amaitezina. Somatuko dute guk maitasunagatik egiten dugula, eta eurek, eurek diruagatik".
Albiste hau Bilboko Uriolak argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra