argia.eus
INPRIMATU
Deustuko Erriberako pabiloietatik amiantoa erretiratzen ari dira, bizilagunei abisatu gabe
  • Auzotarrak astelehenean ohartu ziren gertatzen ari zenaz. Lan horien arduraduna zein den ezagutzera ematea eta erantzukizunak zeinenak diren jakitea exijitu dute.

ARGIA @argia 2020ko martxoaren 24a
Erribera auzoa (Argazkia: hansbrinker)

Bilboko Erribera auzoko bizilagunak arduratuta daude, astelehenetik ari baitira amiantoa erretiratzen inguruko pabilioietatik. Agustin Goikoetxeak Naizen jaso duenez, auzoko bizilagunei inork ez die aurretiaz lan horien berri eman, eta ohar bakarra obra egiten ari diren tokian jarri dute. Bizilagun batek kazetariari egindako adierazpenen arabera, langileei galdetu diete zergatik ez zaien aurretiazko abisurik helarazi, eta langileak erantzundakoaren arabera, Bilboko Udaletik bidali dituzte bertara lan egitera, informazio gehiago eman gabe.

Gauzak horrela, kexu dira bizilagunak, amiantoa erretiratzeko lanek beren osasuna arriskuan jartzen dutela argudiatuz. Langileek leihoak irekitzea eta arropak zintzilikatzea ekiditeko aholkua eman diete.

Salaketa publiko eginda, auzotarrek Bilboko Udalaren partetik erantzunen bat espero dute. Goikoetxeari adierazi diotenez, obren arduraduna zein den jakin nahi dute, eta erantzukizunak exijitu dituzte.