Euskal Herriko hainbat txokotan euskaldunak aktibatzeko burututako kanpainek bezala, Berbaizu euskara elkarteak antolaturiko Hamaika egunez euskaraz ekimenak ere herritarren "hizkuntza-ohiturak irauli" nahi ditu. Deustuko euskaldunak aktibatzea eta euskararen erabilera sustatzea du xede, alegia. Eta horretarako, azaroaren 23tik abenduaren 3ra arteko hamaika egunak hautatu dituzte. Ez da kasualitatea dataren aukeraketa. Izan ere, egun horietan, urtebete beranduago, 2018an, Euskaltzaleen Topaguneak, Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin, Euskal Herri osoan antzeko aktibazio kanpaina antolatuko du.
Ekimenari dagokionez, Lasarte-Oriako eredua erabiliko dute Deustun. Horrela, parte hartzeko bi era egongo dira. 'Ahobizi' direnek "euskara ulertzen duten guztiei euskaraz egiteko eta ezezagunekin lehen berba beti euskaraz egiteko konpromisoa hartuko dute. 'Belarriprest' direnak, berriz, "euskara entzuteko prest agertuko dira, nahiz eta erdaraz erantzun". Partaideek konpromisoa sinatu beharko dute, non "Hamaika egunez euskaraz ekimenean parte-hartu eta ahobizi edota belarriprest diren txapa adierazgarriak bistan eroateko konpromisoa hartuko duten". Parte hartzeko bi baldintza bakarrik bete behar dira: "Hamalau urtetik gorakoa izatea eta Deustualdean bizi, ikasi edo lan egitea".
Logoaren eta txapen diseinuaz Janire Soldevilla artista arduratu da.
Jarduerak
Azarora arte hainbat jarduera antolatuko ditu Berbaizu elkarteak Hamaika egunez euskaraz prestatzeko asmoz. Irailaren 28an, 19:00etan, Euskaraz bizitzeko esperientziak: Lasarte eta Agurain berbaldia izango da Bidarte udaltegian. Ainhoa Arbaizak, 75 ordu euskaraz ekimeneko kideak, eta Joxe Pikabeak, Ttakun elkarteko kideak, Agurainen 75 orduz euskaraz eta Euskararen maratoia: baietz 40 egun euskaraz! egitasmoetan bizitakoak konpartituko dituzte deustuarrekin. Era berean, udazkenean zehar formazio tailerrak eta materiala zabalduko ditu Berbaizuk.
Aurrekariak
2015eko udan Lutxo Egiak Bilbon hilabetez euskaraz bakarrik berba egiteko konpromisoa hartu zuenez geroztik, Transitoak performancea egin bitartean, Euskal Herrian hainbat aktibatze kanpaina antolatu dira. Lehena Donostiako Egia auzoan egin zen eta gerora hainbat herrialdetara zabaldu da: Araban Zuiara eta Agurainera, Gipuzkoan Donostiako Añorga auzora eta Piratetara, Hernanira, Astigarragara, Errenteriara eta Ibarrara eta Bizkaian Arrigorriagara eta Trapagaranera. Era berean, 2018an Euskal Herri osoko euskaldunak aktibatzeko proiektua abiatuko du Euskaltzaleen Topaguneak Eusko Jaurlaritzaren laguntzaz. Bien bitartean "gurea, azaroaren 23tik abenduaren 3ra arte Deustualdeko euskaldunon hizkuntza-ohiturak iraultzeko asmoa duena", diote Berbaizu elkarteko lagunek.
Albiste hau Bilboko Uriolak argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra