argia.eus
INPRIMATU
Desorden taldeko bi emakume eraso zituzten Eguzkierripa rock jaialdian
  • Aramaixo Tropikaleko Gazte Asanbladak gogor salatu du erasoa, neurriak hartzeko konpromisoa hartuz.

Hala Bedi @halabedi 2019ko ekainaren 03a
Argazkia: Hala Bedi.

   Albiste hau Hala Bedik argitaratu du eta Creative Commons lizentziari esker ekarri dugu.   

Aramaixo Tropikaleko Gazte Asanbladak eman du erasoaren berri. Aurreko larunbatean, maiatzaren 25ean, Arabako herrian ospatu zen Eguzkierripa Rock jaialdian Desorden punk taldeko bi emakumeek eraso sexista jasan zuten.

Ohar batean azaldu dutenez, taldea eszenatokian zegoenean, gizonezko bat abeslariari eta baxu-jotzaileari enbarazu egiten aritu zen. Abeslariak mikrofono bidez deseroso sentitzen ari zela esan zion, bere “espazioa inbadituz eta askatasuna urratuz”.

Publikoko emakume bat, orduan, erasotzailearengana hurbildu eta alde egiteko esan zion, baina Aramaioko Gazte Asanbladaren esanetan, publikoan zegoen jendeak ez zuen inolako neurririk hartu hura saihestu eta behar zuen erantzuna emateko.

Egoera honen aurrean, Aramaixo Tropikaleko Gazte Asanbladak barkamena eskatu dio erasoa salatu zuen musika taldeari behar zuen babesa eta laguntza ez emateagatik. Baita ere, erasotzailea jai gunetik ez botatzeagatik.

Hausnarketa egiteko beharra

Jaialdiaren antolakuntzak taldeko barne hausnarketa bat egiteko beharra ikusi du eta beharrezkoak diren neurriak hartzera konprometitu da. Horretaz gain, protokolo feminista abian dela ohartarazi dute.

Aipatu dutenez, aurreko larunbatean gertatutakoa ez da kasu isolatu bat: “Bizi garen jendarte hetereopatriarkalean emakumeok pairatzen dugun biolentzia sistemikoaren beste adibide bat baizik. Jaiak, kasu, errealitatetik ihes egiteko saldu dizkiguten arren, egun, begirada lizunak, ikutuak piropoak eta beste hainbat zapalkuntza mekanismo jasan behar ditugu”.

Amaitzeko, ezinbestekotzat jo dute jai ereduaren inguruko lanketa ikuspegi feminista batetik egitea. Modu honetan, “jaiak eredu askatzaileak praktikara eramateko eta nahi ditugun herri eta harreman ereduak eraikitzeko” beharra aldarrikatu dute.