argia.eus
INPRIMATU
Desokupazio-enpresa baten presioak eta mehatxuak salatu dituzte, Astrabuduko familia bat etxetik botatzeko
  • Etxera itzuli ahal izan diren arren, joan den azaroan kaleratu zuten Astrabuduko familia berriz ere arriskuan dago. Uribe Kostako Etxebizitza Sindikatuak salatu du mailegu-enpresa berriz ere saiatzen ari dela kanporatzea gauzatzen, oraingoan, desokupazio-enpresa bat kontratatuta. Hori dela eta, asanblada irekia egingo dute bihar, otsailak 25, 17:30ean, Josu Murueta plazan.

Hiruka .eus Ander Zarraga 2025eko otsailaren 25
Desjabetzea geldiarazteko asmoz, hainbat herritar hurbildu ziren Aldaieta Bidea kalean dagoen etxebizitzara protesta egitera. Hiruka.

Uribe Kostako Etxebizitza Sindikatuak azaldu duenez, azaroan Astrabuduan etxegabetu zuten familiak duela hilabete batzuk berreskuratu ahal izan zuen etxebizitza. Hala ere, ohartarazi dute mailegu-enpresa kaleratzea errepikatzen saiatzen ari dela, eta, horretarako, desokupazio-enpresa bat kontratatu ei duela.

Zehaztu dutenez, otsailaren 19an enpresa horretako hiru morroi etxe horretara joan ziren eta "presio eta jazarpenen bidez" etxea utzi zezaten saiatu ziren. "Matoiek 7.000 euro eskaini zizkieten etxea uztearen truke, eta 24 ordu eman zizkieten etxea uzteko sarbide-kontrol bat jartzearekin mehatxatuz", azaldu dute.

"Etxejabe handi zein txikiek kontratatzen dituzte desokupazio-enpresa hauek, modu estrajudizialean eta parapolizialean jarduteko. Polizia indarrek, botere judizialak eta administrazioek enpresa hauen jarduera baimentzen dute; izan ere, funtzio garrantzitsu bat betetzen dute desokupazio-enpresek: behar beste irabazi sortzen ez duten etxebizitzetatik kanporatzen dute langileria", adierazi dute sindikatuko kideek.

Gauzak horrela, sindikatutik "enpresa faxistei aurre egiteko deia" egin dute, eta jarduketa horien aurka antolatzeko asanblada irekia egingo dute bihar, martitzena, 17:30ean, Josu Murueta plazan.

Aurrekariak

Duela zortzi urte, familiak 7.000 euro eskatu zizkion Tu mejor prestamo izeneko mailegu-enpresari, eta, horretarako, 40 urtez beraiena izan den etxebizitza jarri zuen berme gisa. Ordainketei ezin izan zietenean aurre egin, gehiegizko klausulen eta interes neurrigabeen eraginez etxebizitza galtzeko egoeran egon zen. Hala, azaroaren 12an, hainbat karga polizial, atxilotu bi eta hainbat zauritu izan ondoren, etxegabetzea exekutatu egin zuten.