argia.eus
INPRIMATU
Desokupako ultraeskuindarrek eskerrak eman dizkiote Ertzaintzari Abadiñoko desalojoan “emandako laguntzagatik”
  • Ehunka lagunek protesta egin dute ostegunean Abadiñoko Zelaieta auzoan, okupatutako etxebizitza bat Desokupa talde ultraeskuindarrak hustu izana salatzeko. Errepidea moztu ostean, desalojatutako etxe parean manifestarien aurka oldartu da Ertzaintza lagun bat atxilotu du eta beste bi inputatu ditu.

Axier Lopez @axierL 2021eko apirilaren 16a
Abadiñon hustu duten etxebizitza barrutik grabatu dute bideo bat Desokupako kideek.

Abadiñoko Zelaieta auzoan okupatuta zegoen etxebizitza bat indarrez hustu du ostegunean ultraeskuindarrez osatutako Desokupa enpresa polemikoak. Etxe okupatuaren barruan grabatutako bideo baten bitartez, enpresako buru Daniel Estevek eskerrak eman dizkio Ertzaintzari "hurbiletik laguntza eman izanagatik" eta gaineratu du "gutako zortzi nahikoa izan dira zuek botatzeko, eta gainera, gu joan garenean Poliziak gozo jarri zaituzte!".

Abadiñoko Gaztetxeak mobilizatzera dei egin du arratsalderako, eta ehunka lagun batu dira. Errepidea mozten saiatu dira, baina istiluen aurkako poliziek oztopatu dute. Ertzaintzaren zazpi furgoneta baino gehiago agertu dira mobilizaziora. Ondoren, manifestazioa egin dute Zelaietako kaleetan, eta azkenik, errepide nagusia moztea lortu dute. Protesta amaituta, manifestarien aurka oldartu dira ertzainak, eta lagun bat atxilo eraman du. Istiluak zabaldu dira inguruko kaleetan.

Argazkia: Gedar.eus
Argazkia: Gedar.eus

Desokupa, bost urteko ibilbidea
2016an ibilbidea hasi zuenetik 5.600 etxegabetze baino gehiago egin dituztela diote Desokupako kideek. "Indarrez okupatutako etxebizitzak husten" espezializatutako enpresa bat direla diote, "72 ordu baino gutxiagoan eta penintsula osoan". Hala ere, Justiziak behin baino gehiagotan ikertu ditu, etxegabetzeko erabiltzen dituzten bitarteko bortitzengatik. Salaketa horietako bat Portugaleten gertatu zen, 2019an, emakume batek Daniel Esteveri salaketa jarri zion bera etxetik botatzean Desokupako kideen "intimidazio eta bortxagatik". Donostiako Kortxoenea gaztetxearen desalojoaren atzean ere Desokupako kideak izan zirela salatu zuten 2015ean.

2015ko uztailean La Directako lagunen eskutik, eman genuen Desokupa enpresaren atzean dauden elementu paramilitar eta ultraeskuindarren berri.

Desokupako kideak, haien webgunetik ateratako irudi batean.