argia.eus
INPRIMATU
Desokupako bi gizon Donostiako etxe bat ilegalki husten saiatu dira
  • 'Desokupa kanpora' lelopean, elkarretaratzea egin dute larunbatean, etxebizitzaren aurrean.

Irutxuloko Hitza @irutxulo 2024ko maiatzaren 14a
Argazkia: Xabier Zubeldia

Ostiralean, 20:00ak aldera, Desokupa44 enpresaren izenean identifikatu ziren bi gizon Donostiako Egiako Karmengo Ama kaleko 44. zenbakian okupatuta dagoen etxe batera joan ziren, eta bertan bizitzen zeuden gazteak mehatxatu zituzten.

Atearen beste aldean egon ziren mehatxu, irain eta “gezurrak” esaten, bertan bizi ziren gazteek hala adierazita: “Irain homofobikoak eta sexistak izan ziren, eta argia eta ura moztuko zigutela esan zuten”. 20:30ean, bi gizonek alde egin zuten baina mehatxu batekin: “Ordubetean 30 kide itzuliko gara, eta bihartik aurrera, sarreran kontrola jarriko dugu, joaten zareten arte”.

Okupen deialdiari erantzunda, 20:30etatik aurrera, etxea defendatzera joan ziren 40 bat auzokide Desokupa kanpora duen pankarta zabaldu zuten.

Karmengo Ama 44. zenbakiko etxea ezaguna da auzoan, jabeak, beren beregi, egoera prekarioan mantentzen duelako: infra-etxebizitzak, dozena erdi etxe huts eta baldintza tamalak ditu. Igogailuak bi urte darama hondatuta, eta behar bereziak dituen andre batek ezin du atera ere egin. Egia Bizirik Auzo Elkarteak urteak daramatza jabearen jarrera salatzen eta soluzioak eskatzen.