argia.eus
INPRIMATU
Desokupa talde neofaxistak Espainiako 30.000 polizia trebatuko ditu
  • Espainiako Poliziaren sindikatu nagusiarekin egindako akordio baten arabera, eskuin muturreko taldeak "defentsa pertsonaleko formakuntza" eskainiko die 30.000 agenteri.

Axier Lopez @axierL 2024ko abuztuaren 06a
SUP sindikatuko idazkaria eta Desokupako buru Daniel Esteve akordioa izenpetzen

SUP Espainiako polizien sindikatu handienaren idazkari nagusi Mónica Graciak ziurtatu duenez, enpresa neofaxistarekin lortutako akordioa "historikoa" da eta lotu du segurtasun ezarekin. "Arazo bat dugu kaleetan. Indarkeria neurrigabekoa da eta autoritatea galdu egin da. Lankideak arrisku handiagoan daude eta [akordio] honekin seguruago sentitzea nahi dugu", azaldu du polizien sindikatuko buruak.

SUPek ikastaroa "homologatua eta baremagarria" izango dela ziurtatu duen arren, Espainiako Barne Ministerioko iturriek jakinarazi dute ez dela horrela, eta ez dutela "Poliziaren Zuzendaritza Nagusiaren inolako babesik". Fernando Grande-Marlaska ministroak igandean adierazi zuen, SUPen eta Desokuparen artean sinatutako "hitzarmenaren balizko inpugnazioa" irekitzea aztertzen ari dela, ikastaroak "balio demokratikoak" urratzen baditu.

Itunak bestelako erreakzioak ere eragin ditu Espainiako klase politikoaren artean. Adibidez, Ione Belarra Podemoseko idazkari nagusiaren hitzetan, Desokupa "legez kanpo egon beharko lukeen erakunde paramilitarra da", eta "aberrazio hori" gelditzeko eskatu dio Barne Ministerioari.

Kritiken aurrean, SUPeko bozeramaileak azaldu du bere sindikatuak akordioak egin dituela "enpresa askorekin, publiko zein pribatuekin, haien joera politikoa eta ideologikoa galdetu gabe".

Desokupako kideak.

Daniel Estevek zuzendutako enpresa da Desokupa, eta “okupak etxetik bidaltzeko irtenbide” gisa saltzen dute, legezko prozeduretatik kanpo. Webgunean hala dute jasota: "7.000 desokupazio baino gehiago egin ditugu arrakastaz. Estatuko segurtasun indarrek gomendatutako sektoreko enpresa bakarra gara". Esteve oso aktiboa da sare sozialetan eta komunikabideetan, eta ez du aukerarik galtzen Espainiako eskuin mutur nazionalistaren mezuei oihartzuna emateko.

Hainbat aldiz izan dira Desokupako matoiak Euskal Herrian jendea etxeetatik botatzeko asmoz, eta etorri direnetan herritarrak atera dira kalera haien presentzia eta jarduna arbuiatzeko.