argia.eus
INPRIMATU
Desokupa legez kanpo jartzeko legea abiaraziko du Unidas Podemosek Diputatuen Kongresuan
  • Desokupa moduko enpresa edo antolakundeak desegiteko lege bat abiaraziko dutela iragarri du Ione Belarrak, Espainiako Gobernuko Eskubide Sozialen eta 2030erako Agendaren ministroak.

Xabier Letona Biteri @xletona 2023ko maiatzaren 19a
Ione Belarra Alakanteko mitinean.

Herrialde Katalanetako Alacanten Podemosek asteazkenean emandako mitin batean eman zuen berria Ione Belarra Espainiako ministro eta alderdi politiko horretako idazkari nagusiak. Ondoko berbekin egin zuen jakinarazpena:

“Argi esan behar da, Desokupa moduko enpresak arazo larria dira. Komando parapolizial baten hazi dira, eta indar politiko honek ez du utziko herrialde honetan hainbat jende zaurgarriarenganako gorrotoa eta porofobia barreiatzen egon dadin. Horrexegatik, zera iragarri nahi dizuet: bihar bertan lege bat abiaraziko dugu Diputatuen Kongresuan, zaurgarriak direnen jazarpenarekin aberasten diren horiek legez kanpo jartzeko”.

Unidas Podemosek datorren astean abiaraziko du lege proposamena, eta haren bidez nahiko luke Daniel Estevek gidatzen duen enpresa –Desokupa– edo horien gisakoak juridikoki jazartzea eta desegitea. Areago, jarduten duten herritarren aurka egin ohi dituzten erasoengatik lau urteko kartzela zigorra aurreikusten du lege proposamenak.

Desokupa 2016an sortu zen, eta Espainiako Estatuan han-hemenka ari da alokairuan edo okupazioan bizi diren herritarrak etxebizitzetatik kanporatze lanetan. Horretarako oso ohikoa da bizilagunen aurkako jazarpena eta hainbatetan biolentzia erabilera ere bai. Euren ezaugarrietakoa da, gainera, hori guztia sare sozialetan oso modu nabarmenean zabaltzen dutela. Oso ohikoak dira, halaber, beren ultraeskuineko bilkuretan kanta edo lelo nazi eta faxisten erabilera.

Desokupa: alokairuen prezioak igotzeko tresna

Dena den, Espainiako eskuinak eta ultraeskuinak ezkerrak baino askoz gehiago eramaten ditu halako gaiak Kongresura. Zortzi lege-proposamen, legez besteko zortzi proposizio eta bi mozio eraman, horiek dira okupazioaren fenomenoak legegintzaldi honetan Espainiako Diputatuen Kongresuan zifretan izan duen presentzia. Kasu guztietan, batean izan ezik –PSOEk aurkeztutako legez besteko proposamen bat–, eskuina eta ultraeskuina izan dira protagonistak. Horri guztiari gehitu behar zaio okupazioaren inguruan eskuineko hedabideek barreiatzen duten beldurra, gero Desokuparen gisakoak esku-hartzeko ezinbestekoa.

Azkenean, dena den, mugimendu hori guztia baliatzen dute alokairuko etxeen salneurria jabeen nahietara igotzeko, erreportaje honetan Carlos Castillo Madrilgo Maizterren Sindikatuko abokatuak argi azaltzen duen gisan. Jabeei errentariak azkar eta bermerik gabe etxetik ateratzeko aukera emango dien legeria bat ezartzea da helburua: “Hasten bagara ideia bat sortzen, hau da, maizter-okupa alokairua ordaintzeari uzten dizun pertsona dela eta berehala irtenarazi behar dela, bihar 500 euroko igoera eska diezaioket nire maizterrari eta, onartzen ez badu, jurisdikzioak kalera bidali eta etxebizitza berriro alokairuan jartzeko aukera emango dit edo, ziklo ekonomiko hobe baten zain, hutsik uztekoa”. 

Daniel Esteveren ondoko txioan ikus daitezke Belarrak Alacanten egindako iragarpena eta horri Desokupako mandatariak emandako erantzuna.