argia.eus
INPRIMATU
Desobedientziak gune berria izango du: Lurralde Askea
  • Lurralde Askea izeneko komunitateak larunbatean izango du lehen urratsa, Arabako Ozaetan antolatu duten "0 asanbladan". Kapitalismoaren logikatik eta baloreetatik ihes egitea proposatuko dute, lege injustuei ez ezik, eguneroko ohitura txarrei desobedientzia eginez.

Axier Lopez @axierL 2015eko azaroaren 03a

Sarean zabaldu den aurkezpen bideoaren bitartez izan dugu Lurralde Askea egitasmoaren berri. “Desobedientzia eraikitzailea” izango du ardatz norbanakoek osatutako komunitate gisa aurkezten den taldeak, ARGIAk jakin ahal izan duenez. Joko alderdikoitik kanpo kokatzen dute bere burua eta herri mugimenduarekin batera aritzeko asmoa azpimarratzen dute.

Kapitalismoa elikatu eta iraunarazten duena gure bizimodua dela iritzita, egunerokotasunean hartzen ditugun erabakiei zentzu politikoa ezarri nahi diete, komunitatearen ezaugarri orokorren orrian irakurri dugunez. Horretarako “bizitza erdigunean” jartzen dituzten proiektuak sustatu eta berriak eraiki nahi dituzte. “Bizitzeko erak aldatuko ditugu gobernatzeko moduak eraldatzeko”, diote aurkezpenean.  Sistemak “aukera bakartzat” saltzen dizkigun ohiturak eta “lege injustuak” maila pertsonalean eta kolektiboan desobeditzea proposatzen dute. Era berean, eskubide pertsonal eta kolektiboak “sistematikoki urratzen dituen estatu kapitalistekin” kooperazio eza aldarrikatzen dute.

Bizimodu onaren Euskal Herria

Ameriketako jatorrizko herrien Sumak Kawsay-ren –Bizimodu Ona– logika Euskal Herrira ekartzeko saiakera egin dute, hemengo testuingurura eta egoera politikora moldatuz. “Euskal Herria independente, euskaldun eta feminista” aldarrikapenari heldu nahi diote; ikuspegi identitariotik harago, Euskal Herri burujabearen alde egitea “askatasunaren eta onura kolektiboaren” alde lan egitearen sinonimo bilakatu nahi dutela diote. Eta horretako, “garaipenaren egunera” arte itxaron beharrik gabe, gaurdanik beste era batera bizitzeko baldintzak eraiki eta sistemaren logikatik kanpoko “lurralde askeak” sortu nahi dituzte.

“0 asanblada” Ozaetan

Aurkezpen publikoaren aurretik egingo duten lehen asanblada izango denez, “0 asanblada” deitu diote bilkurari. Azaroaren 7an Arabako Ozaeta herrian egingo dute Garaion Sorginguneak  –kultur-sorkuntza, ondarea eta natura uztartzen dituen elkarteak– Otaza auzoan duen egoitzan. Auzolana oinarri duen egitasmoa da Garaion eta, antolatzaileen esanetan, Lurralde Askeak bultzatu nahi dituen baloreekin bat egiten duelako aukeratu dute Arabako txoko hori. Egitaraua eguerdira arte luzatuko da eta herri mugimenduko hainbat taldetako ordezkariek parte hartuko dute eztabaidetan.