argia.eus
INPRIMATU
Desobedientzia zibila defendatu du EH Bilduk, Getxoko parkingaren aurkako dinamika babestuz
  • Getxoko EH Bilduk Tosu landan "erresistentzian" dihardutenen norbanakoei bere elkartasuna eta atxikimendua helarazi die.

Hiruka .eus 2017ko urtarrilaren 26a

Era berean, bat egin dute Tosu Betirako taldearen aldarriagaz, "sorreratik gaur egunera arte egin izan dugun legez". Horrez gainera, balizko utzaraztearen aurrean desobedientzia eta erresistentzia zibilaren aldeko aldarria egin du koalizio abertzaleak.

Tosuko landan erresistentzian diharduten norbanakoen balizko utzaraztea eragingo luketen indar polizialen jarrera, oldarkorra izan litekeela uste du EH Bilduk. "Ez litzateke lehen aldia herritarrek desobedientzia zibila praktikara eraman eta indar polizialak hari bortizkeriaz oldartuko litzaiekeena", azaldu dute.

Hori dela eta, desobedientzia eta erresistentzia zibilaren aldeko aldarria egiteaz batera, Tosuko erresistentzia kanpaldian dihardutenak "errespetuz eta begirunez" arta ditzatela eskatu dute, "inolako bortizkeriarik gabe". Horrez gainera, gertaeren berri eman guran bertaratuko liratekeen kazetariei euren lana "askatasun osoz eta inolako oztoporik gabe egiten uztea" aldarrikatu dute.

Albiste hau Hirukak argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra.