Indarkeriarik gabeko desobedientzian oinarritutako jardunaldiak antolatu ditu Ezbiolentzia taldeak otsailaren 20tik 23ra, Bilboko Bidebarrieta liburutegian. “Eskubideak murriztu ondoren, desobedientzia zibila da gure erresistentzia”, adierazi dute antolatzaileek webgunean. Era berean, politika eta krisi ekonomikoan zentratuko direla aipatu dute.
Krisi ekonomikoaren inguruan Mediterraneo inguruko herriek izan duten iniziatibaz arituko dira otsailaren 20an. “Autogestioa eta desobedientzia” deituriko hitzaldiari 19:00etan emango diote hasiera antropologo batek eta Greziako giza eskubide auzietan trebatutako abokatu batek.
Otsailaren 21ean, Arcadi Oliveresek hartuko du hitza “krisi garaiko desobedientzia” aurkezteko. Honek ere Bidebarrieta liburutegian hitz egingo du 19:00etatik aurrera.
Ostirala 22ko egitaraua egiteko Euskal Herrian oinarritu dira. 18:00etan gai berdina jorratzen duen Ziztadak dokumentala eskainiko dute eta 19:00etan mahai ingurua egongo da. Mario Zubiaga, Joseba Ossa eta Perico Ibarrak parte hartuko dute. “Euskal Herria: aukera da orain” izenburupean arituko dira.
Azkenik, otsailaren 23rako tailerra prestatu dute antolatzaileek, “estrategia ezbiolentoen diseinua”. 10:00etatik 14:00etara arteko saioa izango da eta doakoa bada ere, izena emateko eskatu dute webgunean horretarako prestatutako atalean