argia.eus
INPRIMATU
Desmond Tutu apartheidaren kontrako sinboloa hil da
  • Hegoafrikan segregazio arrazistaren kontra borrokatu zuen Desmond Tutu artzapezpikua 90 urterekin hil da Lurmuturreko Hirian. Bakearen Nobel Saria jaso zuen 1984an, apartheida ezabatzeko egindako lanagatik. Hegoafrikako Gobernuak astebeteko dolu ofiziala iragarri du eta mundu osotik iritsi dira bakearen aldeko akbitista goraipatzeko hitzak.

Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza 2021eko abenduaren 27a
Desmond Tutu Hegoafrikako artzapezpiku eta giza eskubideen aldeko aktibista (argazkia: Wikimedia)

Ezberdintasunaren kontrako eta bakearen aldeko pertsonalitate erreferentzial horietako bat hil da igande honetan. Hegoafrikako artzapezpiku Desmond Tutu 90 urterekin zendu da Lurmutur Hiriko ospitale batean, minbiziak sorturiko infekzio baten ondorioz. Azkenaldian bizitza publikotik erretiraturik bazegoen ere, azken unera arte mantendu zituen giza eskubideak defendatzeko bere printzipioak.

Hegoafrikako presidente Cyril Ramaphosak eman du Desmond Tuturen heriotzaren berri "jakinduria apartekoa zuen pertsona", eta nabarmendu du "apartheidaren indarren" kontra artzapezpikuak egindako lana, erregimenaren aldaketaren ondoren erakundeei erantzukizunak eskatzen segitzeko mantendutako irmotasuna ere. Desmond Tutuk segregazio arrazista borrokatu zuen eliza anglikanoan zuen posiziotik –Nelson Mandela eta beste lider batzuk kartzelan zeuden bitartean– eta askotan elizaren hierarkiaren kontra eginez.

1984an Bakearen Nobel saria eman zioten, arlo horretan egindako lanagatik; Tutu Hegoafrikako historia garaikideko figura gakoetako bat izan baitzen. "Humanitatea degragdatzen zuten sistemak desafiatu zituen, bereziki boteretsuenak", azaldu du Ramaphosak.

Desmond Tuturen heriotza jakin orduko, mundu osoko txoko askotatik irtisi dira doluminak eta artzapezpiku hegoafrikarra mirensteko hitzak. Namibia, Kenia, Filipinak, AEBak, Ingalaterra, Frantziako Estatua eta beste hainbat herrialdetako buruak, Frantzisko Aita Santua edota Dalai Lama izan dira Tuturen ibilbidea goraipatu dutenetako batzuk.

Hegoafrikako Gobernuak astebeteko dolua ezarri du herrialdean eta milaka dira euren eskertza adierazi dioten herritarrak. Omenaldien barruan, ekintza ikusgarria dago iragarrita astelehen iluntzerako: Lurmutur Hiriko Table Mountain ezaguna morez argiztatuko dute.

Euskal Herriko bake prozesua

Euskal Herrian ere utzi du arrasto handia lider hegoafrikarrak. Bake prozesuaren laguntzaile izan zen, eta 2014an ETAk desarmatzean emandako urratsak txalotu zituen, Arnaldo Otegi ezker abertzaleko burua aske uzteko eskatu zuen eta euskal preso politikoen eskubideen alde hitz egin zuen; testuinguru garrantzitsu hartan oharkabean igaro ez ziren adierazpenak izan ziren horiek.

Kortatu musika taldeak ere abesti bat eskaini zion 1985ean Aizkolari diskan:

2012an Unesco-Bilbo saria jaso zuen Parisen, Unescoko zuzendari nagusiaren eskutik, bakearen kulturaren aldeko bere jokabide sutsuagatik. Ordurako, baina, heritasunak jota zegoen eta bere alaba Thandeka Tutu-Gxshek jaso zuen bere partez saria.

Desmond Tutu erreferentzia bat izan da azken hamarkadotan munduko mugimendu askatzaile askorentzat, ahobizarrik gabe hitz egiten zuelako eta menperatuen alde jartzen zelako. Bide horretan, bere esaldi ezagun bat utzi du askorentzat irakasgai: injustizia egoera baten aurrean neutraltasuna aukeratzen baduzu, zapaltzailearen alde jarriko zara.