argia.eus
INPRIMATU
Deskonfinamendua: garraio jasangarria bultzatzeko aukera?
  • Konfinamendu osteko egoerari begira, garraio publikoetan jende pilaketak saihesteko asmotan auto pribatuak aukera bat direla adierazi du José Luis Ábalos Espainiako garraio ministroak. Talde ekologistak horren aurka agertu dira, Europako beste herrialde batzuen eredua jarraituz, Espainiako Gobernuak bizikleta eta oinezko garraioa bultzatu beharko lituzkeela adieraziz.

Maria Ortega Zubiate @ortegazubiate 2020ko apirilaren 29a
Argazkia: Madrid Secreto.

Abalosek adierazitakoaren arabera, autoa ez da aukera jasangarri bat, baina gaur egungo egoeran aukera posibleetako bat da. Bere esanetan, jende pilaketak saihesteko garraio publikoaren eskaintza hirukoiztu egin beharko litzateke, autobus eta metroak herena okupatuta baitaude martxan. Espainiako Gobernuak ez du ahalmenik garraio azpiegiturak hirukoizteko, eta horregatik proposatu du autoaren erabilera, besteren artean.

Greenpeace eta Ekologistak Martxan taldeak Espainiako garraio ministroak egindako adierazpenen aurka azaldu dira. Deskonfinamenduan jende pilaketak eragozteko neurririk errazena autoak erabiltzea bada ere, ingurumenarentzako kaltegarriena dela adierazi dute. Greenpeaceko mugikortasunaren arduradun Adrián Fernándezen adierazpenak jaso ditu Publico egunkariak: “Gobernu batek ere ez luke autoaren erabilera bultzatu beharko, are gutxiago COVID-19ak eragindako arnas aparatuko gaixotasunen eta kutsaduraren arteko harremana frogatu denean”.

Europa eredu                                                                                   

Europako beste estatu batzuek martxan jarri dituzten neurriak jarri ditu eredutzat Ekologistak Martxanek. “Milanen eta Parisen, adibidez, oinezkoen eta bizikleten garraioa lehenetsi dute. Garraioa jasangarritasunaren arabera sustatu behar da, hau da; oinez egitea, bizikleta eta garraio publikoa, hurrenkera horretan”, esan du Nuria Blázquez Ekologistak Martxaneko mugikortasunaren arduradunak.

Greenpeacekoak ere iritzi berekoak dira, eta gehitu dute autoa garraiobiderik “ez eraginkorrena” dela: “Espazio gehien hartzen duena da, eta jende gehien baztertzen duena. Ez dago espazio nahikorik garraio publikoko erabiltzaileak garraio pribatura pasatzen badira".

Espainiako Trantsizio Ekologikorako ministeroak, bere aldetik, bizikletaren aldeko apustua egingo duela jakinarazi du. Hain zuzen ere, Teresa Ribera trantsizio ekologikorako ministroak Espainiako Estatuko 5.000 biztanlez gaindiko herrietako alkateei gutun bat helarazi die bizikleten erabilera bultzatzeko neurriak proposatuz, hala nola, bizikletak elkarbanatzeko zerbitzuak zabaltzea, bizikleten doako aparkalekuak eraikitzea, bizikletentzako azpiegiturak sortzea eta abar.

Lehengora bueltatzeko arriskua

Deskonfinamendua munduko kutsadura tasak jaisteko aukera dela adierazi dute zenbait ahotsek. Konfinamendu garaian behera egin dute nabarmen, jendearen joan-etorriek ere horrela egin dutelako. Baina, geroz eta aditu gehiagok adierazi dute naturaren suntsiketak harreman zuzena duela pandemiarekin, eta osteko shockak aukera bat eskaintzen duela suntsiketari buelta emateko.

Ez da horrela izan Txinan. Birusak lehenengo kolpatu zuen herrialdean garraio publikoak estigma jasan du, eta garraio pribatuaren erabilera bikoiztu egin da: %34tik %66ra igo da autoen erabilera erraldoi asiarrean. Datu kezkagarriak dira ekologistentzat, baina pozgarriak auto ekoizleentzat. Eta horrela adierazi dute Europan ere, Europako Autoen Elkarteak igorpenen testak kentzeko eskatu baitie gobernuei, ekoizpen gastuak jaitsi eta izandako galerak errekuperatzeko.