argia.eus
INPRIMATU
Deskarbonizazioa finantzatzeko asmoa dute 450 kreditu instituzio pribatuk
  • Munduko finantza erakunde handienek diote 112 bilioi euro bideratuko dituztela "proiektu jasangarrietara", 2050ean deskarbonizazioa lortzeko helburuarekin. Talde ekologistek salatu dute erakunde pribatu zein publikoek beste behin ere "eko-itxurakeria" erabili dutela.

Leire Artola Arin 2021eko azaroaren 04a
Greenpeacek salatu du instituzioen "eko-itxurakeria" eta hartutako konpromisoak betetzea eskatu die goi-bilerako ordezkariei. / Argazkia: Greenpeace.

Oraindik bete gabe daude klima larrialdiaren inguruan 2015eko Parisko Hitzarmenean hartutako konpromiso asko, baina nazioarteko liderrak hitzarmen berriak adosten ari dira Glasglowko COP-26 goi-bileran. Asteazkenean jakinarazi dute 45 herrialdetako 450 kreditu instituzio pribatuk deskarbonizazioa finantzatuko dutela: 112 bilioi euro "proiektu jasangarrietara" bideratzeko konpromisoa hartu dute. Erakunde horien artean daude, besteak beste, HSBC, Banco Santander, Deutsche Bank, Morgan Stanley, BBVA, J.P. Morgan, Mitsubishi UFJ, Bancolombia eta Bank of America.

Helburua da finantziazio horrekin laguntzea mende erdialdean karbono neutraltasuna lortzen eta mende amaierarako planetaren tenperatura 1,5 gradu baino gehiago ez igotzen, industrializazioaren aurreko garaiarekin konparatuta. "Diru hori trantsizio globalerako behar dena baino gehiago da", azaldu du Mark Carneyk, Nazio Batuen Erakundearen baitan klima finantzen ardura daukanak. Halere, gogorarazi du dirua egon badagoela baina "zero isurketako proiektuetara" bideratu behar dela. Carneyk azpimarratu du mekanismoak beharko direla ziurtatzeko dirua deskarbonizazio prozesuan erabiltzen ari dela.

Promesak bai, ekintzak gutxi

Munduko herrialdeetako ordezkariak Glasgown dauden bitartean, ekintzaile ugari kaleetara atera da protestan. Talde ekologistek salatu dute erakunde pribatu zein publikoen "eko-itxurakeria" eta aldarrikatu dute goi-bileran konpromisoak hartzea ez dela nahikoa. Greenpeacek kritikatu du deskarbonizazioa finantzatuko duten bankuek pasa den hilean baztertu egin zutela Energiaren Nazioarteko Agentziak aurkeztu zuen bide-orri bat, zeinak asmoa zuen gasaren, petrolioaren eta ikatzaren proiektu berrien finantziazioa etetea.

Nazioarteko goi-bileraren presidente Alok Sharmak onartu du aurreko bileretatik harago joan behar dutela aurtengoan: "Parisen promesak egin ziren. Orain, Glasgown, gauzatu egin behar ditugu". Esaterako, 2015eko Parisko Hitzarmenean adostu zuten estatu aberatsek urtero 87.000 milioi euro bideratuko zituztela herrialde pobretuetara, 2020. eta 2025. urteen artean, trantsizio energetikoa egiten laguntzeko. Bada, 17.300 milioi euro inguruko zorra dute potentzia aberatsek, eta Sharmak aitortu du ezingo dutela agindutako kopuruetara iritsi datozen urteetan ere ez. Presidenteak ohartarazi die konpromiso berria hartu duten erakundeei ezin dutela ordezkatu aurrez potentzia ekonomiko handiek herrialde pobretuei agindutako finantzaketa.

Gutxi kaltetu baina ondorio larrienak jasan

Sonam P. Wangdi 46 estatu pobretuk osatzen duten taldearen presidentea da, eta goi-bileran estatu aberastuei "elkartasun globala" galdegin die: "Glasgown hartzen diren erabakiek gure bizitzak baldintzatuko dituzte". Nabarmendu du planetaren berotzean gutxien eragin duten herrialdeak direla –munduko isurien %1 igortzen dute–, aitzitik, klima larrialdiagatik jasaten duten sufrimendua neurrigabea dela salatu du. Gogor kritikatu ditu gobernu aberatsak: "Orain arteko aurrerapena etsigarria da eta, nolabait, beldurgarria". Baliabide gehiago eskatu ditu. Eldiario.es atariak jaso duenez, NBEren arabera herrialde zaurgarriek urtean 259.000 milioi euro behar izaten dituzte klima aldaketaren kalteei aurre egiteko –goi-bileran adostutakotik oso urrun–.