argia.eus
INPRIMATU
Desjabetuon Hotelaren hustean atxilotutako bi gazte epaituko dituzte
  • Irailaren 1ean izango da Legutioko Zentro Sozialistaren hustearekin lotutako lehen epaiketa. Fiskaltzak 13 hilabeteko espetxe zigorra eta guztira 3.600 euroko isunak eskatu ditu auzipetutako bi gazteentzat.

Ilargi Manzanares 2023ko abuztuaren 29a
Iaz gertatutako hustea. Argazkia: Desjabetuon Hotela Zentro Sozialista

Legutioko Hotela duela ia 20 urte eraiki zuten, baina urte askoan hutsik egon zen. Horren aurrean, 2019an gazte talde batek eraikina okupatu eta Desjabetuen Hotela sortu zuen, “prozesu sozialista indartzeko oinarrizko azpiegitura” izango zena.

Hasieratik, Legutioko Zentro Sozialista “arrisku egoeran izan zen, eta hainbat prozesuren ostean, 2022ko ekainaren 28an hustu zuen Ertzaintzak. Hainbat gazte bildu ziren espazioa defendatzeko, eta Ertzaintzak haietako batzuk zauritu eta 18 eta 21 urteko bi gazte atxilotu zituen. Gainera, polizia autonomikoak hainbat zauritu eragin zituen.

Urtebete baino gehiago igaro ondoren epaituko dituzte bi gazte atxilotuak, ostiralean. Desjabetuon Hotelak eta Langile Kontrolpeko Espazioen Defentsa komunitateak bien zigor eskaerak jakitera eman dituzte: Fiskaltzak 13 hilabeteko espetxe zigorra eskatu du bakoitzarentzat, isunetan 3.600 euro ordaintzearekin batera.

Elkarretaratzea deitu dute ostiralean

Irailaren 1ean Gasteizko epaitegietan elkarretaratzea deitu du Mugimendu Sozialistak, 10:30ean.“Langile kontrolpeko espazioen defentsaren aurkako erasoa” salatu du, eta "ofentsiba honi erantzutea inoiz baino beharrezkoagoa" dela aldarrikatu dute.