Punto Bobo liburuaren irakurketan murgilduta, Itxaso Martin Zapirain egilearen Eromena, Azpimemoria eta Isiltasunak Idazten ikerketa lanean sentitu nuen egiazkotasun eta maila etikoarekin egin dut berriz ere topo. Eta hortaz, hara bueltatu. “Oihu izateko jaio zen isiltasun bat… zertaz elikatzen da isiltasuna? Nola liteke esaten ez den zerbaitek hainbesteko indarra izatea?”. Enigma propio batetik abiatuz hasten da galderak irekitzen, bilaketa horiek eragindako efektuen irabazia adieraziz. Azpimemoria, memoriaren parte izan nahi ez duen horretan kokatuz, inkontzientearen ideia zetorkidan burura, norberaren logika singularrean barneratu eta sintoma nola egiten duen behatuz.
Hitzak errealitate psikikoa egituratzen badu ere, ez gara hitzaren jabe. Esan daiteke, hitzak gaituela gu. Eta bide honetan hartzen du interes berezia lan horrek, hitzak sortzen duen zentzu konkretu batetik haratago apuntatu eta zentzua bera zentzugabekerian eraikita dagoela azalaraztean. Eromena bera, lengoaiaren mugetan ezagutarazten da.
Zentzua frakturatzeak, ekintza bezala, mobilizatzen gaituen hori uzten du agerian: barne desioa. Lengoaiak gure gorputz pultsionala egituratzen duen neurrian, fluxu psikiko bat sortzen du. Baina desioarekin batera (bestearen desioarekin elkarlotzen denean), eta aldi berean berengandik defendatuz, jaiotzen da angustia, eta nukleo-konplexu berean koagulatuta geratzen dira. Orduan, angustia-afektua aurkezten denean, pentsa dezakegu desioa hor geratu dela nolabait inplikatuta.
Hitzak errealitate psikikoa egituratzen badu ere, ez gara hitzaren jabe. Esan daiteke, hitzak gaituela gu. (...) Eromena bera, lengoaiaren mugetan ezagutarazten da
Eraikuntza subjektibo horrek, analisi propioak bezalaxe, norberaren egia ukitzea ahalbidetu dezake. Eta hori ez da edonolako apustua. Are gehiago, diagnostikoaren gaur egungo erabilera ikusita, sintoma egiten duen guztia patologizatu behar honetan. DSM gida-liburuetara murrizteak, adibidez, esperientzia subjektiboa zapaldu dezake, diagnostikoak jarriko balio bezala izena izanari.
Diskurtsoak parasitatzen gaituela entzuten dut maiz… eta bai, hala da, kasurik hoberenean. Bestea gugan inskribatuta geratu den seinale. Aitaren etxetik haratago begiratu ahal izateko, etxea gurutzatu beste biderik ez dago, horrek dakarren angustia-kuota konfrontatu eta dignifikatuta. Agian, gure barne-mugak asumitzeak benetako libertate-gradu bat ekar dezake, askatasunaren fantasiak gu preso hartu baino lehen.
Iñaki Segurola datorkit gogora, neurosia inguratu eta islatzeko zeukan abilezia berezi harekin. Bere testu hau, horren erakusgarri:
“Gora ni! (ulertzen dut: ‘ni’ naiz, denok gara ‘ni’).
Gora Jainkoa! Heil Hitler!... (ulertzen ditut: ‘gora aitatxo!’ da).
Gora gu eta gutarrak! (ez dut ulertzen: nazka ematen dit).”
Garazi Muguruza, psikoanalista