argia.eus
INPRIMATU
Desinformazioa erabiliz, mundu osoko hauteskundeak manipulatzen dituen Israelgo talde bat azalerazi dute
  • Hauteskundeetan eragiteko edo bestelako helburuekin, zibernetikoki manipulazioa eta desinformazioa sustatzen, dokumentuak faltsifikatzen edota zuzenean dokumentuak lapurtzen ditu Tal Hanan enpresari israeldarrak. Ikerketa kazetaritza lan batek eman du argitara, eta Kataluniako 2014ko erreferendumean izan zuen papera kontatu du, besteak beste.

ARGIA @argia 2023ko otsailaren 16a

Multinazionalentzako eta inteligentzia agentzietarako egiten du lan Tal Hananek, eta Afrikan, Hego eta Erdialdeko Amerikan, AEBetan eta Europan aritu da. Hackeoa, zibergerra psikologikoa, eraso informatikoak, iritzi publikoan eragiteko aldeko zein kontrako mezuen zabalkundea, dokumentuen faltsutzea, informazio faltsuaren hedapena, bankuko dokumentuen lapurreta eta gisako zerbitzuak eskaintzen ditu. Horretarako, besteak beste, Twitter, Facebook, Gmail, Instagram, Amazon eta Airbnb-n 30.000 profil faltsu kontrolatzen ditu.

33 hauteskunde prozesuren manipulazioa

Nazioarteko hainbat hedabidek elkarlanean egindako ikerketa lanaren emaitza da. Tartean daude The Guardian, The Washington Post, Radio France eta El País. 2022an, Jorge ezizena darabilen enpresari israeldarrarekin eta bere taldearekin kontaktatzea lortu zuten. Bezero gisa aurkeztu zuten beren burua eta Jorgeri esan zioten Afrikako lider baten aldeko bere zerbitzuak kontratatu nahi zituztela, hauteskunde batzuetan eragiteko. Sei eta hamabost milioi euroren truke egingo zuela erantzun zien Jorgek eta berarekin izandako elkarrizketetan, berme gisa azaldu zien 33 hauteskunde prozesutan eragina izan duela, horietatik 27tan modu arrakastatsuan.

Jorgek bere arrakastatzat aurkeztutako lanen artean dago, esaterako, 2014ko azaroan Kataluniako herri galdeketa egunean Generalitatearen webgune ugarik jasan zuten hackeoa, bere historian sufritu duen zibererasorik larriena.

Mexikoko beste kasu deigarri bat ere egozten dio enpresari honi ikerketak. 2014ko Ayotzipanako sarraskian 43 ikasle desagertu ziren, Enrique Peña Nieto agintean zegoela. Tomás Zerón orduko Ikerketa buruari leporatzen zaio ardura nagusia; bada, Zerón Tal Hananen bezeroa izan da, enpresariaren beraren hitzetan: Zerónek enpresariari eskatu zion iritzi publikoan eragiteko, Andrés Manuel López Obrador presidente berriak gidaturiko konplot baten biktima moduan aurkeztu zezan bere burua. Gaur egun, Israelen bizi da Zerón, eta Tel Aviveko Gobernuak uko egin dio Mexikora estraditatzeari.